Moldakortasuna Illunbeko erabilera anitzeko pabiloi berrirarentzat

Bukatu da ekipamendu berriaren proiektua aukeratzeko nazioarteko lehiaketa, eta "Txalaparta" izeneko proposamena hautatu du epaimahaiak, IDOMek aurkeztutako proiektua

2026/06/05 argitaratua

​Illunbeko erabilera anitzeko pabiloi berria diseinatzeko eratu zen nazioarteko lehiaketaren epaimahaiak IDOM ingeniaritza eta arkitektura estudioak aurkeztutako “Txalaparta” proposamenari ematea erabaki du lehenengo saria. Erabakia hartzeko prozesuan, asko baloratu du proposamena zer-nola egokitzen zen programa funtzionalaren eskakizunetara, arkitektura-kalitatera, ingurumen-ezaugarrietara eta proposamenen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta funtzionalera.

Hala, funtsezkoa izan da proposamena proiektuaren premia funtzional eta teknikoetara oso ondo egokitzea. Alde batetik, kontuan hartu da eraikina hirian ondo integratzea. Alde horretatik, proposamen arkitektonikoak bi ataletan banatzen du eraikina, konfigurazio bolumetriko bakarrean integratuta. Horrela, murriztu egiten du masa sentsazioa eta hobeto egiten du bat eraikinak hiriarekin. Era berean, ez du lursailaren okupazio handirik planteatzen, eta gune libreak sortzeko eta eraikina inguru hurbilarekin hobeto erlazionatzeko modua ematen du.

Bestetik, aurreikusita dauden erabilerak (kirol-lehiaketak, ikuskizunak, azokak, kongresuak eta abar) modu malgu eta independentean bateratzeko gaitasuna ere aintzakotzat hartu da. Ibilbideen eta sarbideen kalitatea, espazioen moldakortasuna eta konponbide logistikoaren eraginkortasuna nabarmendu dira alderdi horretatik.

Azken batean, epaimahaiak puntuaziorik handiena eman dio proposamen horri iritzi diolako hori dela konponbiderik orekatuena eta ikuspegi funtzional, espazial eta operatibo aldetik ondoen ebatzitako proposamena.

Proiektu irabazlearen aurkezpenean Jon Insausti alkateak, Ane Oyarbide Tokiko Ekonomia eta Enpleguko zinegotziak eta David Feijoo Donostia Kiroleko zuzendariak parte hartu dute.

Proiektua: bi arena, hainbat aukera

“Txalaparta” proiektuak Illunbe eremua ekipamendu estrategiko berri bihurtzea planteatzen du, Donostia dinamizatzeko eta urte osoan zehar jarduera jarraitua sendotzeko gai izango den hiri-, kirol- eta kultura-polo gisa.

Multzoa bi arena handiz osatuta egongo da –erabilera anitzekoa bata, eta kirol-arlokoa bestea–, eta, modu independentean zein koordinatuan funtzionatzeko diseinatuta daude:

  • Erabilera anitzeko arena gunearen elementu nagusi gisa planteatzen da: 18.500 ikusle ingururentzako edukiera izango du eta askotariko moduan konfiguratzeko prestatuta egongo da, hala nola kontzertu jendetsuak, kirol-ekitaldiak edo kultura-topaketa handiak egiteko.
  • Bestalde, kirol-arenak 3.380 ikuslerentzako edukiera izango du (eserita), eskala txikiagoko lehiaketetara egokiagoa izango da, eta, ondorioz, gunea egunerokoan maizago erabiliko da.

Diseinu arkitektonikoa

Arkitekturari dagokionez, proiektu hau inguratzaile garaikide eta teknologiko baten bidez gauzatzen da: guneari irudi hautemangarri eta izaera publikoarekin koherentea ematen dio. Azal horrek, funtzio teknikoak betetzeaz gain, identitate-elementu gisa ere funtzionatzen du, barne-jarduera kanporantz proiektatuz eta eraikina ikuskizunaren beraren hedapen bihurtuz. 

Hiri-ikuspegitik, barrutiaren eta hiriaren arteko harremana berriro definitzen du proposamenak, kirol- eta kultura-bulebar berri bat sortuz, zeinak sarbideak antolatu eta ibilbideak antolatzen dituen. Eraikina ingurune hurbilarekin lotzen duen elementu egituratzaile gisa ulertzen da espazio publiko hori: oinezkoen mugikortasuna errazten du eta egunerokotasunean eremu jarraitua, irisgarria eta aktiboa sortzen du. 

Eraikina osatzeko, 250 plaza inguruko aparkaleku bat eta autobusentzako eremu espezifikoak daude, irisgarritasun egokia eta edukiera handien kudeaketa arina bermatzeko.

Espazioen malgutasuna eta jasangarritasuna

Malgutasuna da proiektuaren funtsezko beste printzipioetako bat. Harmaila mugikorrak eta konfigurazio aldakorreko sistemak erabiltzeak aukera ematen du espazioak premia desberdinetara egokitzeko; era horretan, programazio dinamikoa errazten da eta ikusleen zein antolatzaileen esperientzia optimizatzen da. 

Txalaparta proiektuaren alderdi garrantzitsuenetako bat jasangarritasuna eta berroneratze adimenduna dira. Egungo azpiegitura erabat eraitsi ordez, haren 10.000 metro koadro inguru mantentzearen aldeko apustua egiten du proiektu honek. Horri esker, esku-hartzearen ingurumen-inpaktua nabarmen murrizten da, bai eta proiektuaren kostu ekonomikoak eta hori gauzatzeko epeak ere. 

Hurrengo faseak

Hemendik aurrera, enpresa adjudikaziodunak oinarrizko proiektua eta jarduera-proiektua idatzi beharko ditu, eta horretarako lau hilabeteko epea izango du. Lizentziak lortu ondoren, exekuzio-proiektua eta ustiapen-memoria aurkeztu beharko dira sei hilabeteko epean, obra-kontratua lizitatu aurreko pauso gisa. Lizitazio hori 2027ko erdialdean egin liteke, eta helburua 2028an adjudikatzea izango litzateke.

Albiste osoa >