EKIE - Euskara eta kirola elkarrekin

Baliabideak eta aholkularitza eskaintzen dituen programa da EKIE, kirol klub eta elkarteetan euskara gehiago erabiltzeko; izan ere, euskarak abantaila asko dakarzkio kirolaren esparruari, eta donostiarrek, bereziki gazteek, kirola euskaraz egiteko aukerak nahi dituzte. 

Entrenamenduak euskaraz behar dituzte horretarako, hizkuntza-paisaia, komunikazioa, giro edota erreferente euskaldunak; eta, hemen, euskarak eta kirolak elkarrekin jokatzeko baliabideak aurkituko dituzu.

EKIE programaren oinarria

Euskara lurralde honetako hizkuntza bereki eta ofiziala izateaz gain, balore bat da, dakitenentzat eta ez dakitenentzat; balore pertsonala eta kolektiboa, soziokulturala, identitarioa, familia balorea, bertako hizkuntza, lurraldearen nahiz gizartearen bereizgarri bat, eta bertan errotzen laguntzen du. 

Oinarri horrekin eskaintzen ditu EKIE programak euskara gehiago erabiltzeko baliabideak, adierazi bezala, euskarak abantailak dakartzalako kirolarentzat; eta denoi dagokigulako erabilera handitzeko giroa eta baldintza egokiak sortzea, dakigunoi eta ez dakigunoi.

Baliabide-eskaintza klubentzat

Hurrengo lerroetan eskaintzen diren baliabideak erabilgarriak dira euskaraz dakitenentzat eta ez dakitenentzat. Jakina, euskaraz hitz egitea da beharrezkoena, eta hori dakitenek edota ikasten ari direnek egin badezakete ere, denon esku dago hizketarako giro nahiz baldintza egokiak sortzea eta presentzia handitzea.
Horretarako, ordea, ulertu egin behar da zergatik den hain garrantzitsua eta onuragarria euskarari dagokion tokia ematea; denok ulertu behar dugu hori. Bestetik, zer eta nola egin dezakegun ulertu behar dugu, eta baliabide hauek horretan laguntzen dute:
  • Aholkularitza, lehenik: Euskara Zerbitzuak kluben izaerei eta egoerei egokitzen dizkie hurrengo baliabideak, beharrak desberdinak direlako.
  • EKIE bilerak eta tailerrak: klubetako zuzendaritza batzordeek, entrenatzaileek, langileek eta boluntarioek parte hartzen dute. Saio hauek baliagarriak dira inguratzen gaituen hizkuntza-egoera ulertzeko, euskararen abantailak ezagutzeko eta klubetako kideen garrantziaz jabetzeko. Horrez gain, praktikan jartzeko baliabideak prestatzen dira tailerretan.
  • Abiatze planak: euskararen erabilera indartzeko urrats nagusiak biltzen dituzte, eta hizkuntza normalizazio planekin hasteko aukerarik ez duten kirol klubei eskaintzen zaizkie.
  • KEES metodologia: kirol entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzeko metodologia da. Entrenatzailea da ardatza, eta, egun, 3.000 ume ingururekin harremana duten 20 klubetako 203 entrenatzailek parte hartzen dute. 
  • Euskaraz ez dakitenentzako jarraibideak: euskararen presentzia zergatik, zertarako eta nola handitu ulertzeko jarraibideak ematen zaizkie. Bestalde, oinarrizko hitzak ikasi eta horiek erabiltzeko bideak eskaintzen zaizkie.  
  • Instalazioetarako materialak: helburu dute euskararen presentzia handitzea kirol esperientzia positiboei buruzko kartelen bidez, kirol modalitateen hiztegiekin, etab. 
  • Musika zerrendak: gaur egun, aukera handia dago kirolean eta ospakizunetan ere, musikaren bidez, giroa euskalduntzeko.
  • Euskara ikasteko ikastaroak: informazioa ematen da ikastaroen eskaintzari buruz, dirulaguntzak, etab. 
  • Itzulpenetarako eta zuzenketetarako laguntza: hedapen soziala duten testuentzat.