MartxUp!
18 eta 30 urte bitarteko Donostiako gazteen ideia, erronka eta proiektuak bultzatu eta martxan jartzeko ekimena da MartxUp!-en edizio hau. Horretarako, zuekin, gazteekin, zuen proiektuak martxan jartzen laguntzeko prestakuntza eta dinamizazioa landuko ditugu. MIK Mondragon Ikerketa Kudeaketako kideak arduratuko dira proiektu bakoitzarentzat beharrezko formazioa eta laguntza eskaintzeaz. Gazte ideiak martxan jarriko ditugu!
Parte hartzeko oinarriak
- 18 eta 30 urte bitarteko donostiarrak: 18 urtetik 30 urtera (biak barne) bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, eta norbanako zein taldean aurkeztu ahal izango da. Behin ideia onartuta eta 2-4 pertsona arteko taldea osatuta, proiektuaren garapen prozesu eta prestakuntzarako fasean sartuko dira. Jatorriari dagokionez, taldekideetako bat gutxienez, donostiarra izan behar da. Parte-hartzaileen rolari dagokionez, jarrera aktibo, parte-hartzailea, eraikitzailea, parekidea eta euskaldunak izatea ezaugarri garrantzitsuak izango dira.
- Proiektu motak: Jarduera eremua askea eta anitza izango da, proiektu orok izango dute sarbidea, beti ere genero, arraza eta bestelakoekiko baztertzailea ez bada, eta proiektuek ez badute indarkeria, bazterketa eta antzeko jarrerak bultzatzen. Proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: proiektuek hein handienean Donostian izango dute garapen-eremua eta Donostia edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira.
- Nola aurkeztu proiektua:
- Deskargatu hemen azpian duzun eranskina.
- Formularioa bete eta eranskina gehitu.
- Konfirmazio email bat iritsiko zaizu proiektua jaso dugula komunikatuz. Proiektuen hautaketa Donostiako Gazteria Saileko teknikariek eta MIK-eko kideek egingo dute. Proiektuak aukeratzeko honako irizpideak hartuko dira kontuan: Proiektuaren bideragarritasuna, originaltasuna eta berrikuntza, proiektuaren zehaztapen maila.
- Aurkezteko baldintzak:
- Gutxienez bi eta gehienez lau pertsonez osatutako taldeak.
- Gutxienez taldekide batek izan beharko du donostiarra (udalak bere kabuz egiaztatuko du).
- Norbanako/talde bakoitzak, gehienez, bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, euren artean desberdinak izanez gero.
- Prozesuan parte hartuko duen gazte orok konpromisoa adierazi beharko die gauzatuko diren dinamika, saio eta formakuntzei.
- Ideia baldin baduzu baina talderik osatu ez baduzu, eman izena eta denon artean osatuko dugu taldea.
Faseak
- Aurkeztu proiektua: Edozein proiektu aurkeztu daiteke, oso ideia orokorretatik hasita, proiektu defintiuetaraino.
- Proiektuak aukeratzea: 2025eko irailean jakinaraziko dizuegu zein diren MartxUP!-eko edizio berri honetarako aukeratuak izan diren proiektuak.
- Formakuntza eta garapena: Lau hilabete iraungo duen prozesu honetan, zure proiektua ekintzara eramaten lagunduko dizuten lau formakuntza saiotan parte hartuko duzu.
- Jarraipen tutoretzak: Formakuntzetan ikasitako praktikan jartzen laguntzeko eta zure proiektuaren gertuko jarraipena izateko, hilean behin tutorizazio saio bat izango duzu, aurrera egiten laguntzeko.
- Aurkezpen fasea: Aurkezpen fase honetan, hilabete horietan garatu eta landutako proiektuak aurkezteko unea izango da. Fase hau 2026ko urtarrilean izango da.
- Proiektua martxan: Hemen ez da ezer bukatuko, proiektua martxan hasi da!
Aurkeztu zure proiektua
Proiektuak
8. edizioa
LOVEO
LOVEO elkartea 6-18 urte bitarteko haur eta nerabeekin sexu-heziketa lantzen du, sexualitatearen inguruan ahalduntzea helburu. Horretarako, metodologia propioa sortu dute, istorio gamifikatu batean oinarrituta, dinamika ezberdinen bidez hainbat gai jorratuz. Martx-up programari esker, istorioaren lehen zatia digitalizatu da, ikus-entzunezko bihurtuz eta talde bakoitzaren lana erregistratzeko aukera emanez. Proiektua Donostiako hiru haurtxokotan garatu da. Esperientzia aberasgarria eta parte-hartzailea izan da, eta eskerrak eman nahi ditugu egindako lankidetzagatik.

Musika Librea
Tailer inklusibo bat sortu dugu gazte eta helduentzat, ENALM metodologian oinarrituta. Junueth Vilchis orkestra-zuzendariak eta Noan Cantabranak garatu dute metodologia hau. Proiektua musika ikasteko, entzuteko eta adierazteko moduak eraldatzeko sortu da. Askatasuna eta sormena ardatz dituen topagune bat da, parte-hartzaileen esperientziatik abiatuta. Musika guztiontzat da, eta guztiok dugu espresatzeko eta sortzeko eskubidea. Helburua da musika inklusiboa, esperimentala eta kolektiboa bultzatzea.

EMEDEENE
Maite Duten Neskak; EMEDEENE Donostiako hirian sortu zen 2024an. Arte garaikidean performancea eta performatibitatea aztertzen dituen erakundea da. Horretarako, programazio berezitu bat eskaintzen du, artistak euren lan-prozesuetan lagunduz eta publikoari zabalduz. Gorputza, afektuak eta performatibitatearen lurraldea esploratzen ditu. Artistaren lanak espazioan aztertzen dira, eta baliabide materialak, ekonomikoak eta humanoak eskaintzen dira prozesu horiek bultzatzeko eta gizarteratzeko.

7. edizioa
Jalgi Hadi Plazara!
Jalgi Hadi Plazara! proiektuak espazio publikoaren erabilera sustatzea du helburu, bereziki gazteen parte-hartzea bilatuz. Horretarako, gazteei zuzendutako inkesta eta talde-dinamika desberdinetan jasotako iritzietan oinarrituta, maiatzaren 7tik 10era bitartean Antiguoko Jose Maria Sert Plazan esku-hartze bat antolatu genuen. Hiri-altzari mugikorrak, ekintzak, jolasak eta abar eskaini genizkien bizilagunei, plazari erabilera berri bat emateko eta espazioarekin beste modu batean harremantzeko aukera eskainiz. Esku-hartze honek iraun zituen egunetan, bertako bizilagunek egunerokotasunetik kanpoko erabilerak eman zizkioten, adin guztietako bizilagunen arteko topaketa eta harreman sozialak sustatuz.

Haxtag proiektua
Haxtag proiektua Donostiako eta Euskal Herri mailako artista gazteen ikusgarritasuna eta lankidetza sustatzeko sortu den aldizkaria da, haien lanari balioa emanez. Aldizkari kolaboratibo honek diseinuaren eta artearen arlo ezberdinetako sortzaileen lanak biltzen ditu, hala nola diseinu grafikoa, ilustrazioa, eta argazkigintza. Martx Up-en babesarekin, gazteei espazioa eskaintzen die haien lanak erakusteko, komunitate artistiko batean parte hartzeko eta sare artistikoak sendotzeko. Gainera, euskal musikaren azken urteetako indarra eta diseinuaren musikan duen eragina ere aztertzen dira. Proiektu honek Euskal Herriko sortzaileek egiten duten lan ikusgarria ezagutzeko tresna izan nahi du.

Kuir proiektua
LGTBIQA+ historiaren argazkien erakusketa: LGTBQA+ pertsonen historia, kultura eta gizarte-errealitatea aztertzen ditu, artearen eta inklusioaren arteko konbinazioa oinarri hartuta. Argazkien erakusketak LGTBIQA+ historia kontatzen du, kolektiboaren eskubideen eta aniztasunaren gaineko kontzientzia eta hezkuntza sustatzeko. Inklusioa eta irudikapena inoiz baino garrantzitsuagoak diren une honetan, erakusketa hau ezinbesteko gunea da LGTBIQA+ pertsonen historia eta kultura aberatsa aztertzeko eta ospatzeko. Erakusketan Ruben B. Caballero, Teresa Castro eta Xanti Garciaren ilustrazioak izan ditu, LGTBIQA+ kolektiboaren aniztasuna eta aberastasuna islatzen duten hiru artista nabarmenak.

Mundu
MUNDU bokazio akademiko batek bultzatu zuen, eta, herritarrek gizartearen inguruan pentsatu eta ikasteko lekua izatea izan dugu helburu momentu oro. Haurrek hezkuntza formalean jasotzen ez duten denbora, arreta eta errespetua eman nahi izan diegu. Esandakoa gauzatzeko modurik onena parte-hartze plurala, sortzeko artea eta oinarrizko eskubideetan oinarritutako hezkuntza dela esango genuke, elkarrengana hurbiltzea erraztuko duena. Hau bermatu eta lortzeko, guztion parte-hartzea errespetatzen duen parametro baten barruan jardun behar dugu. Horrela, gure egitekoa aniztasuna, parte-hartzea eta tratu onen arteko lotura sustatzea da. Eta bakearen kultura, elkar ezagutza, elkarlana eta giza eskubideekiko errespetua oinarri dituen bizikidetza indartzea.

6. edizioa
ZirkuSS
ZirKuSS konpainiaren helburua zirkuaren inguruko eskaintza eta eskariaren mundu mailako joera oso zabala dela azaltzea, eragitea eta erakustea da. Donostiari, orain arte bizi eta gozatu ez duen esperientzia berri bat eskaintzea. Halaber, ZiKuSS, arte eszenikoak esploratzeko, sortzeko eta garatzeko lekua da, Donostiako Udalaren MartxUp! gazte programari esker aurrera egin duena eta tokiko sareen laguntza eta babesa duena. Eragile hauen guztien hilabeteetako lanari esker sortu da "Sustrai", show berritzailea, iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin jolastuko duena, eta zirku garaikideaz gain, arte plastikoen zuzeneko erakustaldia eskainiko duena. "Sustrai", donostiar esentzia duen zirku garaikideko lehen ikuskizuna.

Mapandreak
Donostian emakume izena duten kale, parke, espazio publiko zein eskulturak ezagutzera emateko mapa ilustratua. Mapandreak proiektua Donostiako hiriko kale-izendegian oraindik ere gutxiengoa diren emakumeak ikusarazteko sortu da, emakumeok plazaratzeko, maparatzeko. Espazio publiko (kale, plaza, parke), eskultura, horma-irudi eta bestelakoak jasotzen ditu mapa ilustratu batean, hiria emakumeona ere badela aldarrikatuz, eta berdintasunaren bidean lanean jarraitzearen beharra gogoraraziz.

AktibaTek
Arrakala digitalari aurre egiteko proiektua. Eten digitala murrizten laguntzea du helburu, Donostiako adinekoak beren gaitasun digitaletan ahaldunduz ikaskuntza aktiboko metodologia baten bidez. Horretarako Escape joko bat diseinatu, garatu eta dinamizatu dute, adinekoentzat, prestakuntza eta jarduera interaktibo eta dinamikoak uztartuz. Oraingo honetan, jarduera Izarbide eta Erdialde elkarteen lankidetzarekin antolatu da, beraiek eskaintzen duten formazio osagarri gisa.

5. edizioa
Mimosa
Sexualitate arloan pertsona eta generazio artean dagoen komunikazio eza eta tabu ugariak direla eta, Mimosa tailerrak sortzea erabaki dugun 4 neska ekintzaile gara. Tailer hauen helburu nagusia, 3 generazioen arteko komunikazioa hobetu eta elkar artean ikasi eta gozatzea da. Hauek, sexologa batek gidatzen ditu eta bertan sexu-sexuazioa, sexualitatea, erotika, maitasuna, plazerra, bikotea eta harreman estiloak lantzen dira.

Interrupt.Nation
Interrupt.Nation, bost ekintzaileez osatuta dago, eta ikuspegi komun batekin hasi genuen proiektu hau: Haurren etorkizunaz arduratzen gara eta haien kontzientziazioa ezinbestekoa iruditzen zaigu aldaketa sortzeko. Horretarako, haurrentzako tailerrak egiten ditugu, non, bertan, artearen dibertsioa eta jasangarritasunari buruzko hezkuntza lantzen ditugu bakoitzaren alderdi sortzaileena eta artistikoena garatuz. Tailerretan bigarren eskuko arropa erabiltzen dugu, arropa batek izan dezakeen bizitza eta hura berrerabiltzean planetarako izan ditzakeen onurak ezagutzeko.

Ni-rekin
Nirekin proiektuaren helburua, nerabeek euren gorputz-irudiarekin duten harremana ezagutzea, harreman horrekiko kontzientzia hartzea eta ongizate biopsikosoziala bermatzea helburu duen sentsibilizazio eta hezkuntza proiektu bat martxan jartzea da. Dinamika parte-hartzaileen bidez eta hausnarketa tresna nagusitzat hartuz.

4. edizioa
Lauki Makala
Hitzaren hedapenerako espazio interaktiboa”, hitzak eta ikusleak elkarlanean. Testuak paperetik edo pantailetatik ateraz, beste dimentsio batera eraman nahi dira, edonorentzat eskuragarri den formatu batean, berauen kontsumo azkarra eta, aldi berean, sakona sustatu nahian. Era horretan, unean uneko esperientzia osatzeko, egileek “euskal new media” eta teknologia berriei ateak ireki nahi dizkiete. Halaber, espazio interaktibo honen bitartez sorkuntza prozesu bat bultzatu nahi dute egileek eta euskal eszenako edukien zabalkunderako erabilgarria izan daitekeen lan ildoa proposatu eta garatu nahi dute.

Xomorro taldea
Hezkuntza agroekologikoa deritzogunean murgilduko gara. Herri eta hirietako biztanleak naturaren parte sentiaraztea da gure helburu nagusia. Nekazal kultura balioan jarri, ekoitzi eta kontsumitzen dugunaren inguruan hausnartzea eta bertako, garaiko eta agroekologikoak diren elikagaiak balioan jartzeko lanean ari gara. Agroekologia eta hezkuntza uztartzeko bidean, eskola baratzeak sortzen ibli gara lanean azken urteotan: eskola baratzeen diseinu, dinamizazio eta mantenua, irakasle eta ikasle formakuntzak, familientzako natura tailerrak etab.

X-topiak
Genero-ariketak eta queer-laborategiak. Beharrezkoa iruditzen zaigu aktualitateari erantzungo dioten ohitura, erritu eta kultura berriak azaleratzea. Estetika eta politika queer-ak iradokitako topaguneak sortzea, programazio eta estrategia propio batekin. Bide honetan formazioa eta laborategi korporalak bezalako tresnekin lan egin nahi genuke, teoria eta praktika erabat nahasteko. Bide horretan, bakoitzaren interes eta bertuteez hornitutako programazio kultural-queer bat diseinatu nahi dugu, hiri honetan horretarako espazio bat beharrezkotzat jotzen dugulako. Gure proposamenak topagune transdiziplinar bat sortzea bilatzen du.

Donostia ON
Z generazioko gazteak hiriko enpreszein udalarekin elkartu nahi dituzte, guztiak elkarrekin errealitatearen inguruan ikasi eta alternatiba ezberdinak sortzeko. Modu horretan lortu nahi da Donostiako Z generazioko gazteak elkartzea eta gizartean duten lekuaz jabetzea, lanbide mundura gerturatuz eta sormena eta berrikuntza sustatuz. Eta, era berean, bidelagun izango dituzten tokiko denda eta enpresen laguntza jasoko lukete, egungo osasun eta ekonomia krisiak eragindako arazoei nola aurre egin taldean hausnartzeko.

3. edizioa
Mundu
MUNDU bokazio akademiko batek bultzatu zuen, eta, herritarrek gizartearen inguruan pentsatu eta ikasteko lekua izatea izan dugu helburu momentu oro. Haurrek hezkuntza formalean jasotzen ez duten denbora, arreta eta errespetua eman nahi izan diegu. Esandakoa gauzatzeko modurik onena parte-hartze plurala, sortzeko artea eta oinarrizko eskubideetan oinarritutako hezkuntza dela esango genuke, elkarrengana hurbiltzea erraztuko duena. Hau bermatu eta lortzeko, guztion parte-hartzea errespetatzen duen parametro baten barruan jardun behar dugu. Horrela, gure egitekoa aniztasuna, parte-hartzea eta tratu onen arteko lotura sustatzea da. Eta bakearen kultura, elkar ezagutza, elkarlana eta giza eskubideekiko errespetua oinarri dituen bizikidetza indartzea.

Belle et Pop
Donostiako betiko komertzioen galerak kezkaturik, BELLE ET POP proiektua definitzen aritu dira Natalia eta Ezti MartxUPen. Ekimenaren bitartez “Donostiako Urrezko urteak berreskuratu nahi dituzte begira berri batekin”. Betiko komertzioen bizipenak batu eta hiriaren bereizgarritasuna eta bizigarritasuna mantendu nahi dute. Horretarako, Donostiako merkatarientzat salmenta plataforma digitala sortuko dute, bertako zein nazioarteko bezeroentzat.

Antiguo Hezitzailea
Ane Chueca, Irati Seijo eta beste hiru lagunek osatzen dute (h)aritu. Hezkuntza, pedagogia kritikoak, arkitektura, parte-hartzea, feminismoa, jasangarritasuna eta prozesu kolektiboak uztartuz, hezkuntza prozesuen diseinu eta kudeaketak garatzea da euren asmoa. Donostia Hiri Hezitzaileen sarearen barruan dagoenez, Antiguan abiatu nahi dute ekimena, Antiguo Hezitzailea proiektua garatuz. Bertako herri eragileekin, hezkuntza eragileekin eta Udalarekin batera diagnostiko bat osatzeko prestatzen ari dira.

Naturaren parkea
Eneko eta Maddi Añorgako KKErekin proiektu berri bat sortzen ari dira: Bertako nerabe eta gazteekin batera Añorgan egurrezko parke berri bat sortu nahi dute. Parke horren diseinua haurren behar eta gustuetan oinarrituz egin nahi dute eta datozen hilabeteetan hasiko dira gaztetxoekin biltzen eta prozesua diseinatzen.

2. edizioa
Kalea(n) bizi
Herritarrontzat hobeto egokituko diren espazioak lortzeko helburuarekin sortu da Kalea(n) Bizi proiektua. Donostian topatu daitezkeen espazio publiko ezberdinak eraldatu nahi ditugu, leku hauek aktibatuaz edota espazio berriak sortuaz, ideia fresko eta parte hartzaileekin.

Barrexerka
Gazteentzako produktu audiobisual gutxi dago euskaraz; zein hobeto gazteak baino hutsune hori betetzeko? Galdera hori erantzunez sortzen da Barrexerka proiektua; esketxak eta zuzenekoak nahasten dituen proiektua, dagoeneko Donostian oihartzuna sortzen ari dena, eta hazten jarraitzeko gure laguntza behar duena.

1. edizioa
Sorleku
Proiektuaren ideia, Donostian dauden haur parkeen inguruko hausnarketa bat plazaratu eta erabilerarik gabe dagoen hiriko espazio publiko batean alternatiba bat aurrera eramatea da. Egun, hirian dauden parkeak oso homogeneoak dira, ez daude haurren beharretara egokituak eta helduaren beharretatik eraikiak izan dira, hots, haurrek jolas errepikakorrak praktikatzera bideratuak daude eta, hala, helduek haurrak kontrolatzen dituzte. Hori horrela, haurrek parkeetan ere, ezin dute askatasunez eta autonomiaz jokatu.

Donostican
Donostican da txakurren inguruko hezkuntza, norberaren hezkuntza eta animalien gaineko ezagutza batuko duen gunea. Txakurra dutenen eta ez dutenen artean errespetu handiagoa bermatuko duen Donostia lortu nahi duena. Txakurren ongizaterako argibideak erakutsi nahi dizkie jabeei, eta horrela animalien abandono kopurua, txakurren arteko tirabirak eta salaketak txikitu. Ideia da komunitate handi bat eratzea eta horren bitartez hiritarrak hezi, informatu eta txakurren jabeak diren eta ez direnen artean harremanak sustatzea, eta horrekin batera Udalarekiko informazioa eta kontaktua handitzea.

Batura
Batura Euskal Herriko kolektibo eta pertsona ezberdinen arteko gogoetatik sortutako proiektu bat da, eta bere helburua Ekonomia Sozial Eraldatzailearen baitan kokatzen diren entitateen mapa osatzea da. Hau da, beraien jardueragatik ekonomiaren eta jendartearen eraldaketan laguntzen duten esperientzien batura mapa batean islatzea. Mapa horrek Euskal Herriko merkatu soziala saretzen eta horren garapenean laguntzeko erreminta izan nahi du, horrela, ekonomia eta eredu ekonomikoa eraldatuz eta herritarrei kontsumo arduratsurako alternatibak eskainiz.
