Altzako kiroldegian eguzki plakak jartzeak %40 murriztuko du energia kontsumoa eta CO2 isurketa

2025-02-21

 

Aste honetan hasiko dira Altzako Kiroldegiaren estalkian eguzki plakak jartzeko lanak, Udaleko Ingurumen Sailak Donostia Kirolaren laguntzarekin sustatutako jarduera.

Estalkian dagoen instalazioa 356kW-eko potentzia duen beste batekin handituko da, hirian mota horretako handiena izango dena, eta kiroldegiaren beraren autokontsumorako erabiliko dena. Gainera, 40 kW-ko bigarren bat jarriko da, auzoan dauden beste 14 udal instalazioren behar elektrikoak hornitzeko. Jarduketa horrek 239.751 euroko aurrekontua izango du.

Kiroldegia hornituko duen eguzki-energiako instalazio berriak 400.000 kWh inguru sortuko ditu urtean, hau da, kiroldegi osoaren urteko kontsumoaren %40.

Jarduera hau Donostia Kirolaren estrategiaren barruan kokatzen da, Donostiako kirola egunetik egunera jasangarriagoa izan dadin. Instalazio berri honekin, udal kiroldegietan kontsumitutako energia guztiaren %20 iturri berriztagarrietatik etorriko da.

Azken 10 urteetan, Donostia Kirolak %30 murriztu du udal kiroldegiek sortutako kontsumoa, eta %67 jaitsi du CO2 isuria. Hori posible izan da efizientzia energetikoko neurri sorta zabal bat egin direlako (LED argiak, ekipo klimatizatzaile berriak, galdarak ordezkatzea, bero berreskuratzaileak, eguzki plaka termikoak eta fotovoltaikoak, etab.).

2024an, erabiltzaile bakoitzeko saretik etortzen den energiaren kontsumoa 6,81 KWh-koa izan da, eta erregistratutako erabilera bakoitzeko CO2 emisioa 1,05 Kg Co2-raino jaitsi da. Donostia Kirolak kudeatzen dituen instalazioetan orain arte erregistratutako daturik baxuenak dira.

Aktualitatea