Donostia Kirolaren 2022 memoriak hirian kirola egiteari buruzko datuak berreskuratu direla erakusten du.

2023-03-09

Donostia Kirolak aurkeztutako 2022ko memoriaren emaitzek argi eta garbi erakusten dute herritarren kirol-jarduerarekin lotutako adierazle gehienak berreskuratu direla.

 

Kirolaren praktika

2021ean egindako kirol ohiturei buruzko inkestak erakusten du astean behin gutxienez kirola egiten duten biztanleen ehuneko altuari eusten zaiola, % 74tik gora.

Udaleko kirol-zerbitzuen erabilerari dagokionez, Kirol Txartelean abonatutako pertsonen kopurua %8a igo da, eta 46.281era iritsi da. Altzako Kiroldegi berriaren irekieraren eragina funtsezkoa izan da berreskuratze horretan, eta Antigua/Bentaberri auzoaren ondoren Kirol txartelari abonatu gehien ematen dizkion bigarren auzo bihurtu da. Hilabeteko abonu berriak indar handia hartzen du, batez beste 1.500 abonu hilero.

Donostia Kirolak 2022. urtean antolatutako jarduera-kanpainetan 27.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ziren, 2021. urtekoaren antzeko kopurua. Kirol Ekintzak kanpainak 13.640 parte-hartzaile izan zituen, eta 11.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen UDa kanpainak. Aukeran programak aukera ematen du malgutasun osoko saioetan izena emateko, eta % 80 handitzen du bere parte-hartzea, baita Kirol Txartelako abonatuei zuzendutako doako jardueren kanpainetan ere.

Udal kirol instalazioen erabilerak ere hiru milioiko muga berreskuratu du, eta 2019an erregistratutako mailan kokatu da, % 27ko igoerarekin 2021eko datuarekin alderatuta.

Paco Yoldi kiroldegiak hirian gehien erabiltzen jarraitzen du, 414.000 erabilerekin, eta ondoren Zuhaizti dago, 296.000rekin. Altzako Kiroldegia nabarmentzen da, 9 hilabeteko funtzionamenduarekin 194.000 erabilera baino gehiago baititu.

 

Klubak eta kirol-erakundeak ezinbesteko aliatu

2022. urtean, Donostia Kirolak 1.279.500 €-ko dirulaguntzak eman dizkio kirolari (2021. urtearen antzekoa), eta horietatik 38 ikastetxe eta 79 kirol-klub izan dira onuradun.

Eskola-kiroleko lehiaketak aurreko ikasturtean berreskuratu ziren, eta eskoletan matrikulatutako haurren % 70ek parte hartu zuten. Kirol federatuaren eremuan, 10.000 lizentzia federatu baino gehiago daude kadete mailatik senior mailara, eta horien artean nabarmendu behar da emakumeen lizentzien ehunekoaren hazkunde txiki baina etengabea, lizentzia guztien % 34,2 baitira.

Donostiaren posizio pribilegiatua, maila goreneko kirolarien kirol emaitzei dagokienez, indartu egin zen 2022an. Donostia Kirolak 69 Urrezko Kirol Txartel eman zizkien talde eta kirolariei maila goreneko ligetan, Espainiako txapelketetan, Europakoetan edo munduko txapelketetan lortutako dominengatik edo tituluengatik.

Azpimarratzekoa da, halaber, Donostiako emakumezkoen kirolak lehen postuan jarraitzen duela Estatuko hiri guztien artean, maila gorenean dauden taldeen kopuruagatik.

Hiriko proba herrikoi gehienak ere berreskuratzen joan dira, eta kirol-jardueretan parte hartzea 59.000 pertsonara iritsi zen, Behobia-SS edo San Silvestre bezalako probak nabarmenduz. Bestalde, kirol-ekitaldien egutegian 2022an hainbat proba garrantzitsu sartu ziren, hala nola eskubaloiko Erreginaren Kopa, emakumezkoen Hiru Hiriburuak Txapelketa eta Emakumezkoen teniseko Nazioarteko Opena.

Horiez gain, ohiko ekitaldiak ere egin ziren, hala nola Nazioarteko Krosa, Maratoia, Nazioarteko Igeriketa Txapelketa, SS-SS Klasikoa eta Kontxako estropadak.

 

Kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta jasangarria

Donostia Kirolak bere kudeaketa-ereduaren garapenean aurrera egiten jarraitzen du. Eredu horrek erreferente bihurtu du esparru horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa aurreratua aintzatesten duen Euskadiko kirol-zerbitzu bakarra izaten jarraitzen du.

Arlo ekonomikoan, Donostia Kirolak % 50etik gorako autofinantzaketa funtzionalari eutsi dio, nahiz eta energiaren kostu handiak indize hori jaistea ekarri duen.

Donostia Kirolaren konpromiso soziala pertsona guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten bideratutako ekimen ugarietan islatzen da, baldintza ekonomiko edo sozialak edozein direla ere.

Horretarako, hainbat programa garatzen ditu, hala nola Kirol Txartel Solidarioa, Kirol Txartel Soziala, akordioak harrera-etxeekin, errefuxiatuak artatzen dituzten erakundeekin, eta abar. Konpromiso hori balantze sozialean jasotzen da, 2022an lehen aldiz 600.000 €-tik gorakoa izan baitzen.

Ingurumen-jasangarritasunaren ardatzari dagokionez, erregistratutako erabilera bakoitzeko energia-kontsumoaren % 10eko jaitsiera aipatu behar da, baita udal-instalazioetako kirol-jarduerarekin lotutako CO2 isurketen % 17 gutxiago ere.

 

Erabiltzaileen gogobetetzea

Erabiltzaileek udaleko kirol-zerbitzuei buruz duten pertzepzioak balorazio ona izaten jarraitu du 2022an. Instalazioen erabiltzaileen batez besteko balorazioa notan mantendu zen, 7tik gora, eta Kirol Elkintzak edo UDA kanpainetako ikastaroek 10etik 8ko nota izan zuten.

Dokumentuak

Aktualitatea