Donostia Pilota proiektuaren aurkezpena

2024-05-22

 

 

ZER DA DONOSTIA PILOTA?

Donostian pilota bultzatzeko plana da Donostia Pilota. Donostia Kirolak gidatu eta koordinatzen du programa hau, eta pilotaren eragileak biltzen ditu, lankidetza egonkorreko esparru batean, gure kirolaren nortasun-ezaugarrietako bat sustatzearen alde elkarrekin lan egiteko.

"Helburua da Donostiak bere lekua berreskuratzea pilotaren plaza nabarmen gisa. Horretarako, Donostia Kirolak aliantzak ezartzen ditu sustatzaile, klub eta elkarteekin, baita Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin ere, bakoitzak bere kirol-proiektua hobetu eta zabal dezan, Donostian pilotarako proposamen berriak eginez ", adierazi du aurkezpenean Iñaki Gabarain Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi ordezkariak.

"Asmo handiko plana da, begirada estrategikoa duena, kirol honen alderdi guztiak hartzen dituena", azpimarratu du Gabarainek. Pilota profesionala eta federatua, esku-pilota eta erreminta, prestakuntza, emakumeen pilota, klubei laguntzea, ikastetxeetan pilota sustatzea, ekitaldi eta lehiaketa berriak bultzatzea, pilota egokitua eta Atano III.a frontoiaren dinamizazioa eta erreferentzialtasuna dira plan honen beste hainbat lan-ildo, 80.000 euroko aurrekontua dutenak.

Lehen fase honetan, Donostia Pilotak bereziki esku-pilotan jartzen du arreta, baina, berehala, erremintaren erronkei eta beharrei ere helduko die, baita publiko berriak sortzeari eta instalazioak hobetzeari ere.

Plana, gainera, sustapen-neurri zehatzekin aurkezten da, eragileekin batera landuta, eta jarraian zehazten dira.

 

BERRIKUNTZA UGARI

Plan horren esparruan, Donostia Kirolak berrikuntza garrantzitsuak planteatzen ditu Donostiako pilotarentzat, hainbat sustatzaile eta kluben eskutik eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin lankidetzan.


Txapelketa profesionalak

Azken hilabeteetan, Atano III.a pilotalekuak garai bateko indarra berreskuratu du binakako txapelketako jaialdiekin edo Altuna III.ak eta Artolak jokatu berri duten buruz buruko txapelketako finalaurrekoarekin, besteak beste. ASPE Pilotako Inaxio Errandonea pozik agertu da "ikusleen erantzun bikainagatik Donostiako pilotalekuan" eta apustu sendoa egin du "2024/2025 denboraldian ere txapelketa profesionaletako partida erakargarriak eta kanporaketa erabakigarriak ekartzen jarraitzeko".


Donostiako esku-pilotako klubei bultzada ematea

Donostia Pilota planaren atal garrantzitsu bat Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak diseinatu du, Donostia Kirolaren laguntzarekin. Bi urteko hasierako programa da, 2024/2025 eta 2025/2026 denboraldiak hartzen dituena eta esku-pilota federatuan zentratzen dena.

Lehenengo fase honen helburu nagusiak Donostiako esku-pilotako klubak indartzea (Alde Zaharra, Añorga, Izurun) eta Atano III.a dinamizatzea dira. Klubei dagokienez, planak administrazio-egitura indartzea aurreikusten du, eta lege-aholkularitza ematen die, indarrean dauden lege-betekizunak egunean izateko eta HBBLO betetzeko beharrezko neurriak hartzeko.

Bere egitura teknikoa ere indartuko da, helburu bikoitzarekin: klub bakoitzak, bi urteko epean, gutxienez euskal pilotako entrenatzailearen oinarrizko titulua duen teknikari bat izatea, bai eta adinaren araberako entrenamendu-sistema bat aurreikusten duen kirol-proiektu bat ere.

Era berean, Donostia Pilotak klubei lagunduko die beste kirol eta gizarte eragile batzuekin harremanak ezartzen, batez ere inguruko ikastetxeekin, lankidetza-hitzarmenak sinatzeko eta ikasleak pilotara erakartzeko.

Helburu horiek lortzeko, klubek Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko teknikari baten laguntza izango dute.

Klubekin lan egiteko plan honen beste helburu nagusietako bat pilotarien maila teknikoa hobetzea da. Lehenengo etapan teknifikazio-plan bat garatuko da kadete eta gazte mailetarako. Maila horietako pilotariek astean bi entrenamendu izango dituzte. Bata beren ohiko pilotalekuan izango da, ohiko kideekin batera eta bertako klubaren teknikariek gidatuta. Bigarren entrenamendua Atano III.ean izango da, beste klub batzuetatik etorritako pilotariekin eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko entrenatzaile batek zuzenduta.

 
Atano III.a: pilotari federatuen frontoi erreferentea

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioan ere konfiantza du Donostia Kirolak, Atano III.a Gipuzkoako esku-pilota federatuaren erreferente bihurtzeko. Helburu horrekin, Donostiako pilotalekua izango da Federazioak antolatutako esku pilotako ekimen garrantzitsuenen agertoki nagusia, hala nola federatutako txapelketa ofizialetako final garrantzitsuenak, Gipuzkoako mailako teknifikazioak, Gipuzkoako selekzioaren jarduerak, eskola adineko esku-pilotako emakumezkoen partidak eta Gipuzkoako Esku-Pilotaren Jaia.


Emakumezkoen pilotaren aldeko apustua

Donostia Kirolak konpromisoa hartu du emakumeen kirola sustatzeko. Apustu sendo hori Donostia Pilota planean ere islatzen da, zeinak bere lehentasunen artean emakumeen pilota bultzatzea duen, gainera, bilakaera garrantzitsua bizitzen ari den une honetan.

Arrazoi horregatik, Emakume Master Cup-ek antolatutako Hiru Hiriburuak torneoan parte hartzeko apustua egiteaz gain, Donostia Pilotak, antolatzaile beraren eskutik, bi jaialdi berri gehituko dizkio Donostiako emakumezkoen pilotari egutegiari: udako torneoko finala, irailaren 22an, eta binakako txapelketako finala, 2025eko martxoaren 18an, biak Atano III.ean.

Horri gehitu behar zaio 2024/2025 denboraldian Ados Pilotak sustatutako emakumezkoen pilota lehiaketetan Donostia sartu izana. Batetik, Atano III.ak Caixabank Master berriaren txanda hartuko du abuztuan. Eta bestetik, Trinitateko frontoian jokatuko da Plazaz Plaza txapelketaren finala irailaren hasieran. Azkenik, Atano III.a izango da binakako txapelketako finalerdietako baten egoitza 2025eko apirilean.


Erremintan ere berrikuntzak izango dira

Emakumezkoen pilota ere esku-pilotaz haratago indartzen da. Donostia Pilotaren lehen fase honetan bereziki modalitate hau landu den arren, erremintan lehen urratsak eman dira, zehazki emakumezkoen zesta-puntan; izan ere, ekainean Donostiak txapelketa berri bat estreinatuko du, puntista onenak izango dituen emakumezkoen Master Serie bat, 1, 8 eta 15ean Carmelo Baldan ospatuko dena, eta duela hiru urtetik ospatzen ari den gizonezkoen Grand Slamaren proposamena osatuko duena.

Datozen hilabeteetan Donostia Pilotaren esparruan erremintarako izango diren berrikuntzen adibide da.


Proiektuak garatzeko esparru bat

Azaldutako lan ildoak sustatzeaz gain, Donostia Pilotak pilotaren inguruan kirol, gizarte eta kultur eragileek proposatutako hainbat proiektu bultzatu nahi ditu. Hori dela eta, abian jarri den urte honetan Izurun klubak diseinatutako hainbat proiektu finantzatuko ditu.

Alde batetik, gazteen artean pilota sustatzea da helburua, hiriko frontoi ezberdinetan egingo diren topaketen bidez. Frontoietan pilotari ezagunek parte hartuko dute eta hainbat jarduera ludiko ere izango dira. Mota honetako lau partida proposatzen dira, lehenengoa maiatzaren 26an, eta bakoitzaren amaieran emakumezkoen esku-pilota partida bat egingo da, "I. Urrezko Txapelketa" lehiaketaren barruan.

Proiektuak, halaber, "Urrezko Pilota" saria emango dio kultura, zientzia edo kiroleko pertsona nabarmenari. Sari hori emakumezkoen txapelketaren azken jardunaldian emango da.

Azkenik, bi erakusketa ere antolatuko dira, bata frontoiei eskainia kultur gune gisa, eta bestea erraketisten historiari, emakumezkoen pilota profesionalaren aitzindari errepresaliatuak. Erakusketak Daniel Carballo eta Olatz González EHUko irakasleen hitzaldiekin osatuko dira.

Aktualitatea