Donostiak emakumeen kirolaren hiri erreferente gisa duen tokia sendotu du.

2020-03-03

Donostia Kirolak Estatuko kategoria goreneko emakumeen kirolari buruz urtero egiten duen azterketak berriro ere Donostia lider ukaezina eta emakumeen kirolaren erreferente bihurtzen du. Azterketa horren helburua (duela zazpi urtetik egiten dena) da emakumeen kirolak hirian duen garrantzia nabarmentzea eta ikuspen handiagoa ematea. Azterketa horretan, kirol-modalitate kolektiboetan parte hartzen duten taldeak aztertu dira (futbola, saskibaloia, eskubaloia, hockeya, boleibola, waterpoloa, errugbia, izotz-hockeya, softbola, areto-futbola, arraunketa eta curling-a), baita atletismoa eta igeriketa ere, hainbat kategoriatako kluben arteko lehia dela eta.

Azterketa honen emaitzen arabera, denboraldi honetan, aztertutako 14 kirol-modalitateetatik 8tan ditu ordezkariak Donostiak. Guztira, hamar emakume-talde daude kategoria gorenean: Berabera eskubaloian, Real Sociedad belar-hockeyan eta futbolean, Ibaeta (IDK-Euskotren) saskibaloian, Atlético SS atletismoan, Txuri Urdin izotz-hockeyan, Txuri Berri Curling-ean, eta Donostiarra eta Arraun Lagunak arraunketan.

Hori dela eta, elitean emakume-talderen bat duten Estatuko 79 herrien rankingeko hirugarren postuan dago Donostia (kopuru absolutuagatik), Bartzelona (12) eta Madril (11) bakarrik gaindituta.

Eliteko emakume-taldeen kopurua herri bakoitzeko biztanleriari dagokionez aztertuz gero, Donostiak argi eta garbi mantentzen du lehenengo tokia probintzia-hiriburuen artean, talde bateko ratioa 20.824 biztanleko, eta talde gehien dituzten hiriburuen ratioa baino askoz txikiagoa da (Bartzelona, talde bat 136.397 biztanleko; Madril, talde bat 296.921 biztanleko). Bigarren tokian Logroño dago: lau talde ditu, eta 38.182 biztanleko ratioa lortu du. Hirugarren tokian, Ourense dago, bi talde eta kategoria goreneko emakume-talde bakoitzeko 52.617 biztanleko ratioarekin.

Euskal Herriko gainerako hiriburuei dagokienez, Donostia sailkapeneko lehen postuan dago, bai talde kopuru absolutuari dagokionez, bai talde bakoitzeko biztanle-ratioari dagokionez. Gasteiz da Donostiara gehien hurbiltzen den hiriburua: 4 talde ditu elitean eta 62.994 biztanle talde bakoitzeko. da. Ondoren, Bilbok bi talde ditu (173.422 bizt./talde), eta Iruñeak (201.653 bizt./talde) talde bakarra du.

Gainera, Donostia ez da bakarrik erreferentea talde kopuruagatik eta lehiatzen den modalitate-aniztasunagatik; talde horien kirol-emaitzengatik ere bai. Hala, 2019an, Espainiako Curling Txapelketa (Txuri Berri), Espainiako Futbol Kopa (Real Sociedad), Europako Hockey txapeldunordea (Real Sociedad), Eskubaloi Kopa (Bera Bera), Espainiako Batel Txapelketa (Donostiarra) eta Softboleko Europako Txapelketa (Atletico SS) nabarmendu ziren.

Donostiako emakumeen kirolaren egoera on hori, batez ere, hiriko kirol klub ugarik emakumeen artean kirola sustatzen egindako lanari zor zaio, emakumeen lizentzi federatuen portzentajeak etengabe gora egin baitu. Alde horretatik, azken 5 urteetan 10 puntu igo da, eta kopuru osoaren %34,5era iritsi da. Nabarmentzekoa da kadete eta jubenil kategorietan emakumezkoen lizentziak guztizkoaren %40 direla.

Donostia Kirolak kirol-klub horiei laguntzen jarraituko du, hainbat neurri hartuta, hala nola aintzatespen-ekintzak eta emakumeen kirolari ikusgarritasun handiagoa emateko beste ekintza batzuk, Donostia Kirolak diru-laguntzak emateko eta kirol-espazioak erreserbatzeko ezarri dituen diskriminazio positiborako irizpideak, edo emakumeen kirolerako diru-laguntza esklusiboak (2019an, 230.000 €-tik gora).

Aktualitatea