Albisteak
EUSKARALDIA: dagoeneko zortzi klubek ariguneak sortu eta izena eman dute.
2022-09-22
Donostiako gainerako kirol elkarteei 3. edizioko ariketa sozialean parte hartzeko gonbita egin zaie.
Udaleko Euskara Zerbitzua eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira Donostiako Euskaraldiaren hirugarren edizioa antolatzen. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo den ariketa sozialak euskara erabiltzeko ohituretan eragin nahi du berriro. Hiriko entitateek (enpresa, erakunde, elkarte eta abarrek) paper garrantzitsua jokatuko dute ariguneak sortuz, hau da, euskararen erabilera bermatzeko gune babestuak eratuz. Urriaren erdialdera arte entitatek euskaraldian izena emateko aukera izango dute www.euskaraldia.eus webean.
Aurten Donostiako antolatzaileak ahalegin berezia egiten ari dira hiriko Kirol elkarteek Euskaraldian parte har dezaten. Kirola euskararen erabileran eragiteko tresna aproposa da oso euskara gehiago eta gehiagorekin erabiltzeko eremu asko eskaintzen baitu. Zortzi kirol elkarte ezagunek ariketan parte hartzeko izena eman dute dagoeneko, baina kirol elkarte gehiagok urratsa ematea nahi da.
Jon Insausti, Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, kirolaren esparruak euskararen normalizazioan orohar, eta Euskaraldian bereziki duen garrantzia azaldu du. Bere esanetan “herritar asko kirolari lotua bizi da, aisialdian kirola egiteak garrantzia handia du beraientzat eta ordu asko ematen dute horretan. Euskaraldiaren helburua herritarren hizkuntza ohituretan eragitea da eta euskararen erabilera sustatzea. Bi arlo horiek, kirola eta euskara, lotu nahi izan ditugu aurten, Kirol eremuan euskara erabiltzeko gune babestuak, ariguneak sortuz, eta hizkuntza praktikatzeko ohiturak sustatuz”.
Udaleko Euskara Zerbitzua eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira Donostiako Euskaraldiaren hirugarren edizioa antolatzen. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo den ariketa sozialak euskara erabiltzeko ohituretan eragin nahi du berriro. Hiriko entitateek (enpresa, erakunde, elkarte eta abarrek) paper garrantzitsua jokatuko dute ariguneak sortuz, hau da, euskararen erabilera bermatzeko gune babestuak eratuz. Urriaren erdialdera arte entitatek euskaraldian izena emateko aukera izango dute www.euskaraldia.eus webean.
Aurten Donostiako antolatzaileak ahalegin berezia egiten ari dira hiriko Kirol elkarteek Euskaraldian parte har dezaten. Kirola euskararen erabileran eragiteko tresna aproposa da oso euskara gehiago eta gehiagorekin erabiltzeko eremu asko eskaintzen baitu. Zortzi kirol elkarte ezagunek ariketan parte hartzeko izena eman dute dagoeneko, baina kirol elkarte gehiagok urratsa ematea nahi da.
Zortzi kirol elkartek eman dute izena dagoeneko
Hiriko zortzi kirol klubek Euskaraldiarekin bat egin dute orain arte: Real Sociedad, Bera Bera, Atlético-SS, Fortuna, GBC, IDK Euskotren, Kaiarriba eta Donostia Arraun Lagunak. Elkarte horien egoitzetan ariguneak osatu dituzte euskara gehiago erabiltzeko.
Martin Ibabe, Kiroletako eta Gazteriako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi ordezkariak, entitate hauek aurkeztu ditu eta Donostian “ospe handiko” talde hauen parte hartzea nabarmendu nahi izan du. “Klub erreferenteak dira kirol alorrean eta eredu dira herritar askorentzat. Hori dela eta, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu izanak balioan jartzen dugu”.
Jarraian, Andoni Iraola, Real Sociedad Fundazioko zuzendariak, hartu du hitza eta Realak Euskaraldian zergatik parte hartuko duen azaldu du. “Realean aspaldi hartu genuen euskara sustatu eta erabiltzeko konpromisoa. Duela hamar urte abian jarri genuen euskara plana eta urte hauetan guztietan euskararen erabilera areagotzen saiatu gara. Guretzat Euskaraldia dinamika abagune bat da euskara sustatzeko dugun konpromisoa egikaritzeko: ariguneek erabilera ahalbidetzen digute, ohiturak finkatzen lagundu eta euskara lan hizkuntza izateko bide ematen digu. Horrez gain, euskararekin harreman gutxi dutenak euskarara erakartzea lortzen dugu ariketa sozial honen bitartez. Azken finean Euskaraldiak ispilu aurrean jartzen gaitu eta gure entitatearen hizkuntza errealitatea islatzeaz gain, euskara entitate barruan hauspotzeko balio digu”.
Iritzi bera du Tati Garmendia Bera Bera Eskubaloi saileko zuzendariak. “Euskara beti presente dago Bera Beran, baina Euskaraldiak erneago egoten laguntzen digula uste dut, eta beharrezkoa iruditzen zait ekimen hau, kirolean euskara bultzatzen jarraitzeko. Ekimen interesgarria da bultzada bat behar dugunontzat, horregatik eroso sentitzen naiz ni ‘Belarriprest’ izanda '. Euskaraldiaren aldeko onurak baino ez ditut ikusten, eta gainerako klubak ere ariketa sozial honetan parte hartzera animatzen ditut”, azaldu du.
Aktualitatea
Aktualitatea