Donostia Kirola udalaren kirol instalazioak prestatzen ari da, berriro irekitzeko baimena eman bezain laster prest egon daitezen

2020-05-04

Oraindik Udalaren kirol instalazioak irekitzeko egunik ez izan arren, Donostia Kirolak lanean jarraitzen du baimena argitaratu bezain laster dena prest edukitzeko. Horretarako, aste hauetan udan egiten ziren geldialdi teknikoei eta legionelaren aurkako tratamenduei dagozkien ohiko lanak egingo dira, aurten itxiera gehiago izan ez dadin. Gainera, kirol espazioak ixtea eskatzen zuten obra batzuk egiteko aprobetxatuko da, hala nola Bentaberriko galdara edo igerilekuetan konponketak egiteko. 

Fase honetarako Donostia Kirolak egin duen lanen plangintzaren barruan sartzen da, halaber, higiene-neurri ugari hartzea erabiltzaileen eta erakundeko langileen eta kontratatutako enpresen segurtasuna bermatzeko, hala nola, gel-banagailuen instalazioa, erabili ondoren makinak eta beste elementu batzuk desinfektatzeko elementuak, gimnasioetan norberak erabiltzeko eskuoihala erabiltzeko obligazioa eta edukieraren kontrol eraginkorra. Alde horretatik, Donostia Kirolak baditu zenbait urte betetze-maila kontrolatzeko sistema bat, eta horri esker, denbora errealean kontsulta daiteke web-etik. Sistema hori, orain, pantailekin osatuko da gimnasioen sarreretan eta kanpoko igerilekuetan, sarbidea arautzeko. 

Bestalde, kirol instalazioetara sartzeko sistema aldatzen ere ari dira, ukipen-txartelak kendu eta haien ordez hurbiltasun-txartelak eta kontakturik gabekoak jartzeko. Aldaketa horri esker ere, Kirol Txartelaren abonatuak beren mugikorra erabiliz sartu ahal izango dira. 

Kirol-jarduerei dagokienez, Donostia Kirola egoerari egokitutako UDA Kanpaina bat egitea planteatzen ari da, plaza gutxiagoko ikastaroekin eta higiene eta segurtasun-neurri ugarirekin (adibidez, ikastaro batetik bestera erabilitako materialak desinfektatzea). 

Kirol Txartelaren abonatuei egindako inkesta 

Donostia Kirolak inkesta bat egin du abonatuen artean, orain irekitzen ari den fase berriari buruz dituzten iritziak ezagutzeko eta instalazioetan deseskalatzeko plana prestatzeko iradokizunak jasotzeko. Inkestaren emaitzek partaidetza handia izan dute (5.000 erantzun baino gehiago), eta, lehenik eta behin, abonatuentzako konfinamendu-egoera hori nolakoa den erakusten dute. 

Hala, inkestatutakoen %75ek adierazi du etxetik kirola egiten jarraitu duela, baina %54k adierazi du kiroldegiak itxi baino lehen baino ordu gutxiago eman dituela horretan. Abonatuen %25ek eta ikastaroetako ikasleen %50ek adierazi dute Donostia kirolak eskura jarri dituen online baliabideak erabili dituztela (saio birtualen aplikazioa eta monitoreen bideo-plataforma), eta baliabide horiek oso balorazio ona jaso dute (10etik 8). 

Bestalde, Donostia Kirolak denboraldi horretan eman duen erantzun orokorra eta egindako komunikazioa (online buletinak, web orriak, sare sozialak...) ere oso positiboki baloratu dituzte inkestatuek, 7,5 baino gehiago. 

Kirol instalazioetara itzultzearekin zerikusia duten kontuei dagokienez, %46 irekitzen diren egun berean itzuliko lirateke, eta %16 udaren ondoren; %34k zalantzak ditu zer egingo lukeen, eta %3 bakarrik ez litzateke itzuliko udal kiroldegietara. Bestalde, abonatuen% 75ek uste du Covid19ren ondoren kirola egiteko modua aldatuko duela. 

Kirol Txartelaren abonatuek kirola egiteak duen garrantziaren isla da, familiarekin eta lagunekin egon ondoren, kirola egitea etxetik irteterakoan egingo litzatekeen bigarren gauza izango litzatekeela. Azkenik, inkestatutako pertsona gehienek uste dute Udalaren kirol-instalazioak irekitzean segurtasun-neurri garrantzitsuenak hauek direla: gel desinfektatzaileak jartzea, higiene eta desinfekzio-neurriak, gimnasioan eskuoihal pertsonala erabiltzea eta edukierak kontrolatzea.

Aktualitatea