48. Lolo Rico panteoia

Ospetsuak
María Dolores Rico Oliver (Lolo Rico)
  • Jarduera: Idazlea, kazetaria, editorea, gidoilaria, errealizadorea eta telebista programen zuzendaria
  • Jaiotze-heriotza-data: 1935-2019
Panteón Lolo Rico

"Nola da posible denbora hain azkar pasatzea eta ni ez konturatzea?", Lolo Ricoren hilarrian dagoen esaldia, bere oroitzapen liburuaren izenburua, bere egingo dute "La Bola de Cristal" telebista programa famatua ikusiz hazi ziren pertsona guztiek.

Dolores Rico Oliver (Madril, 1935 - Donostia, 2019), Lolo Rico izenez ezaguna, idazlea, kazetaria, editorea, gidoilaria, errealizadorea eta telebista programen zuzendaria izan zen.

Txikitatik, Lolok kezka artistikoak izan zituen, margotu edo idatzi nahi zuen. Baina hau amets ezinezkoa zirudien gerra osteko neska batentzat. Hala ere, ezkonduta eta ama izanda, bere lehen haur liburuak argitaratzen hasi zen -garai hartan emakume bati uzten zitzaion genero bakarra- eta gidoilari gisa lanean hasi zen irratian eta telebistan haurrentzako programetan, hala nola "La casa del reloj" (1971-1974), "Un globo, dos globos, tres globos" (1974-1979) edo "La cometa blanca" (1981-1983). 1977an Ondas Sari bat irabazi zuen Radio Nacional de España-ko "Dola, dola, tira la bola" programagatik.

Dibortziatu ondoren, eta ia berrogeita hamar urte zituela, "La Bola de Cristal" (1984-1988) sortu zuen, programa berritzaile eta transgresore bat. 1986an Ondas Sari bat irabazi zuen, eta, hasiera batean haurrentzako programa izan arren, adin guztietako ikusle asko izan zituen eta hainbat belaunalditan aztarna utzi du.

Idazle gisa, haur literaturaz gain, eleberriak eta saiakerak argitaratu zituen, horien artean nabarmentzen dira "Castillos de arena" eta "Televisión, fábrica de mentiras".

Espainiako -eta Ipar Amerikako- telebistako Zientzien eta Arteen Akademiako kide izan zen, eta gainera 2001ean Talento Saria eman zioten.

Lolo Rico emakume ausarta eta aitzindaria izan zen, ezkerreko emakume bat, beti bidegabekeriei aurre egin ziena eta ahulenak direnen eskubideen alde borrokatu zena.

Dibortziatzera ausartu zen garai batean hau ia pentsaezina zenean, bere 7 seme-alabez arduratu zen bere literatura eta telebista proiektuak aurrera ateratzen zituen bitartean. Ez zuen inoiz bere ideiengatik borrokatzeari utzi. Emakume askorentzat erreferentea izan zen eta da.

2019an hil ondoren, bere seme-alabek bere liburutegi pertsonala, 5.000 liburu, CD eta DVD baino gehiagoz osatua, Nafarroako Liburutegiari eman zioten.

Beste bisita gune batzuk