40. Martín - Santos panteoia

Ospetsuak
Luis Martin-Santos Ribera
  • Jarduera: Psikiatra, mediku eta idazle
  • Jaiotze-heriotza-data: 1924-1964

Luis Martín-Santos Ribera medikua, psikiatra eta idazlea (*1924 Larache, Maroko – +1964 Gasteiz) hirurogeiko hamarkadako eleberririk garrantzitsu eta berritzaileenetako baten egilea izan zen: Tiempo de Silencio. Protagonistaren bitartez, Madrilgo gizarte frankistaren ikuspegi kritikoa eskaintzen zuen, eta garai hartako Espainiako literaturan agortuta zegoen

errealismo soziala gainditzea lortu zuen. Erreferentzia mitikoak, metafora sinbolistak eta ironia erabiltzen ditu bere pertsonaia askorekiko duen mesprezua adierazteko.

Leandro Martín Santos mediku militar eta jeneralaren semea zen (*1895 Topas, Salamanca – +1971 Donostia). Bere lehen destinoa Larache izan zen, Marokon, non trebetasun handia erakutsi zuen gerrako zaurituen kirurgian, anputazio ugari saihestuz eta sabeleko bala-zauriak sendatuz. Manual de cirugía de guerra lan garrantzitsua argitaratu zuen, eta Salamancako prentsak interes handiz jarraitu zituen haren medikuntzako lorpenak. 1929an Donostiara lekualdatu zen behin betiko, eta han Martín Santos Erietxe Kirurgikoa sortu zuen 1935ean, gaur egungo Quirón Klinika, Egia auzoko Villa Pilarte egoitza neogotikoa erosi ondoren.

Luisek ere medikuntza hautatu zuen eta Salamancan ikasi zuen. Madrilen eta Alemanian jarraitu zuen bere prestakuntza. Filosofia eta psikiatriaren arteko harremanari buruzko doktore-tesia egin zuen. 1951n Donostiara itzuli zen eta hiriko Erietxe Psikiatrikoko zuzendari izateko oposaketak irabazi zituen, hil arte bete zuen kargua.

Rocio Laffon bere emaztea etxeko istripu batean hil eta urtebete baino gutxiagora, Luisek auto-istripu bat izan zuen Gasteizen, eta berrogei urte bete aurretik hil zen, hiru haur txiki umezurtz utzita.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, alderdi sozialistako kide izan zen, eta horren ondorioz, hainbat aldiz atxilotu zuten. Atxiloketa horietako batean, Salamancako Unibertsitateko katedra baterako oposaketak egin behar izan zituen esku-burdinekin. Hil zenean, behin-behineko askatasunean zegoen, epaiketaren zain.

1960an Tiempo de Silencio obra aurkeztu zuen Donostiako literatura-lehiaketa batera. Epaimahaikideen artean Madrilgo ordezkariak zeuden. Ezizenez sinatu behar zutenez, Luisek alderdi sozialistan zuen izena hautatu zuen, "Luis Sepúlveda", askok ezagutzen zutena. Lehiaketa oso eztabaidatsua izan zen, Madrilgo epaimahaiak bere hautagaia baitzuen, eta hark irabazi behar zuen. Azkenean, saria hutsik gelditu zen. Hala ere, denborarekin, eleberriak merezitako errekonozimendua jaso zuen.

Beste bisita gune batzuk