12. Fermín de Lasala y Collado, Mandasko Dukea
- Urtea: 1882
- Jabea: Fermín de Lasala y Collado, Mandasko Dukea
- Sustatzailea: Fermín de Lasala y Collado, Mandasko Dukea
- Lanen maisua: José Clemente de Osinalde
- Jarduera: Politikari
- Jaiotze-heriotza-data: 1832-1917
Lasala familiak, hasiera batean, ehorzketarako hobiak eraiki zituen, eta 1882an eskatu zuten hileta-monumentua jartzeko baimena; gurutze soil bat, harlauzen erditik altxatzen dena. Inskripzioak jartzeko baimena ere eskatu zuten. Kristoren Pasioko azken estadio gisa altxatzen den gurutzea hartu zuten erreferentziatzat. Perimetroa ixteko, burdinazko hesi bat dago; hemen balkoietako itxituretan ikusten den eredua jarraitzen badu ere, flameroak ditu angeluetan, eta loto-lore itxia, karelean zehar. Argizari-ontzi aroak ikusten ditugu honetan monumentua egun seinalatuetan argitzeko.
Fermín de Lasala Collado (*1832 Donostia – †1917 Madril) bi aitonaren ondorengoa zen. Hauek XVIII. mendearen amaieran iritsi ziren Donostiara, Behe Nafarroatik eta Santanderretik, hurrenez hurren, eta gipuzkoar familiekin ezkondu ziren. Biak merkataritzara dedikatzen ziren. Batez ere Fermínen aita, Fermín Lasala Urbieta (*1798
Donostia – †1853 Madril), izan zen merkataritza eta enpresa arrakasta itzela lortu zuena —Donostiaren berreraikuntzatik abiatuta, Estatu Batuetaraino kapital-interesak izan zituen— eta aldi berean, karrera politiko distiratsua egin zuen: Donostiako alkate (1842), Aldundiko lehendakari (1844) eta Madrilgo Diputatuen Kongresuko kide (1846-1853) izatera iritsi zen. Colladotarren Tertulia politiko ospetsuaren kide gisa —bere emaztea, Rita Collado Parada (*1804 Donostia), familia horretakoa zen— Donostiako liberalismoa defendatzen zuen, Isabel II.aren aldekoa, gerra karlistetan.
Semeak aitaren karrera jarraitu zuen. Oinordetzan jasotako fortuna nabarmen handitu zuen, Gipuzkoako industriaren gorakadan, Brunet familiarekin zuen elkartean eta bere karrera politiko arrakastatsuari esker. 1857an aitaren aulkia jaso zuen oinordetzan, Sustapeneko ministro izatera iritsi zen (1879), baina azkenean jarrera liberaletatik urrundu zen Cánovas del Castilloren jarraitzaile kontserbatzaileekin bat egiteko. Laurogeita hamarreko hamarkadan Parisko enbaxadore izan zen, nahiz eta ez zuen lortu Frantziaren babesa AEBen eskuetan Amerikako azken koloniak galtzear zeudela. 1900etik aurrera, Londresko enbaxadaren buru gisa egindako lan diplomatikoari esker, Espainiak Afrika iparraldeko kolonialismoan parte hartu ahal izan zuen.
Lasala familia ezin izan zen burgesia sortu berriarengan nobleziak sortzen zuen lilurari ihes egin. Fermín aitak jada bere burua Juan de Urbietaren ondorengo aldarrikatu zuen, 1525ean Paviako gudan Francisco I. errege frantziarra preso hartu zuena. Fermín semea Cristina Brunetti Gayoso de los Cobos (*1831 – †1914) aristokratarekin ezkondu zen eta, haren bitartez, 1884an, ezkontide gisa, ezagutzen den titulua jaso zuen: Mandasko Dukea, 1889an Handietako bat izatea lortuz.
Senar-emazteak hil zirenean, ondorengorik gabe, haien "Cristina-Enea" finka hiriari eman zitzaion, Mandasko Dukearen nahia betez. Egia auzoan dagoen hiri-parke zabal bat da. Jauregi itxurako etxebizitza mantentzen du, José Clemente de Osinaldek 1890ean egindakoa. Zuhaitz mota ugari aurkituko ditugu finka zehar ibiltzean. Paumak parkearen nortasun-ikur bihurtu dira 1977an Bartzelonatik lehen bikotea iritsi zenetik.
Fermín Lasala Collado Fermín Calbetón jaio zen etxe berean jaio zen –plaka batek hala adierazten du– eta hurbiltasun hori azken atseden-lekuan ere mantendu nahi izan zuten, beren lagun eta bazkide ziren Brunet familiaren kaperatik gertu.