31. Marcial de Aguirre panteoia
- Urtea: 1927
- Jabea: Marcial de Aguirreren seme-alabak
- Sustatzailea: Marcial de Aguirreren seme-alabak
- Arkitektoa: Augusto Aguirre
- Exekuzioa: Marcial de Aguirreren seme-alabak
- Jarduera: Eskultore
- Jaiotze-heriotza-data: 1840-1900
Sezesioa. Zalantzarik gabe, gurasoei egindako omenaldia da. Aguirre-Wittmer senar-emazteen goi-erliebezko bustoak albora begira daude, hiriari eternitatetik begiratuko baliote bezala. Gurutze baten oinarri dira, eta huntzak, gurutzeari itsatsita, gora egiten du Kristoren irudia edo Berpizkundearen unea bilatzen, olibondoaren adarra daraman usoak irudikatzen
duen bezala. Goiburuaren goiko aldea mazpil erako fruituen girlanda batekin apainduta dago, eta etengabe piztuta dauden su-ontziek argiztatzen dute multzo osoa.
Marcial de Aguirre y Lazcano (*1840 Bergara – +1900 Donostia) gaztetan utzi zuen jaioterria, marrazkigintzarako gaitasun nabarmenak zituela, Erromarantz 1858an. Han Eduardo Rosales eta Mariano Fortuny margolariekin topo egin zuen, eta adiskidetasuna sortu zen haien artean. 1864an beka bat jaso zuen bere prestakuntza jarraitzeko. Bi urte geroago, Bigarren Mailako Domina lortu zuen Madrilgo Arte Erakusketan San Ignazioren eskulturarekin, eta horrek bere ibilbide profesionalaren hasiera markatu zuen.
1869an Lavinia Wittmerrekin ezkondu zen, "nazarenoen" eskolako margolari alemanen alaba eta biloba zenarekin. Erroman jaio ziren haien bi seme nagusiak, Luis 1872an eta Ignacio 1874an. Urte horretan bertan familia Donostian kokatu zen, eta han jaio ziren Augusto 1876an eta Francisco 1884an.
1895ean Okendo Plazan Antonio de Oquendo almirantearen monumentua eraiki zen. Proiektua Marcial Aguirreri eman zitzaion, eta estatua galdatzeko ardura Bartzelonako Masriera y Campins tailerrek hartu zuten.
Polloeko hilerrian, Marcial de Aguirrek bezero partikularrentzako lanak egin zituen. Horren adibide dira San Sebastian kaleko 21-23ko monumentua, 1885ekoa; Santa Katalina kaleko 79koa, 1886koa, Erromako arte klasikoaren irakaspenak eta nazarenoen estiloko lasaitasun espirituala uztartzen dituena; eta Santa Teresa kaleko 138-140koa, 1889koa, non Barrokoaren handitasuna transmititzen duen dotorezia klasikoz inguratuta. Lan hauetan medailoiak erabiltzen ditu, Berpizkundeko eta Barrokoko baliabide tipikoa, hildakoa nabarmentzeko.
Polloeko monumentu askotan agertzen den Aguirre sinadura Marcialen semeena da. Abizen horren atzean zeuden Luis, hamar urterekin eskultore gisa agertzen zena eta hogeita birekin ibiltari gisa, ziurrenik hiritik kanpo ikasten ari zelako; baita Ignacio, Francisco eta Augusto ere. Azken honek arkitekto titulua lortu zuen 1905ean Bartzelonako Eskolan eta bere anaiek gero gauzatuko zituzten plano asko sinatu zituen. 1896 inguruan, Marcialen semeek biltegi bat ireki zuten Polloetik gertu.