08. Bilintx

  • Urtea: 1885
  • Sustatzailea: Donostiako Udala
  • Arkitektoa: Jose Goikoa
  • Estilo arkitektonikoa: Eklektizismoa
Ospetsuak
Indalezio Bizkarrondo "Bilintx"
  • Jarduera: bertsolari eta olerkaria
  • Jaiotze-heriotza-data: 1831-1876
  • Epitafioa: "Gure Donostia kutunean zure bertsoak entzun genituenok esan dezakegu Jaungoikoaren errukiaz kantatzera joan zinenetik, zerua bera atseginagoa dela"

Jose Goikoa udal arkitektoak Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" euskal poetaren hileta-monumentua diseinatu zuen. Apaingarrien gainetik, omendutako pertsonaren irudia nabarmentzen da. Ezizena, harridura ikurren artean kokatuta, epitafioaren eta Easoko bardoaren busto-dominaren arteko espazioa banatzen du.

Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" bertsolari eta poeta erromantiko liberala (*1831 Donostia – †1876 Donostia) San Sebastian egunean hil zen, Arratsaineko bateria karlistek jaurtitako granada batek zaurituta, Antzoki Zaharrean bere atezain postuan zegoela, Kale Nagusian. "La Correspondencia Musical" egunkariko Donostiako berriemailea ere izan zen.

1882ko azaroan Ponsol zinegotziaren eskaera onartu zen, haren gorpua San Bartolomeko hilerritik Polloera eramateko, eta Bilintxen omenez hilobi "apal baina duin" bat eraikitzeko konpromisoa hartu zen. Biktoriano Iraola zinegotzi, erretratugile eta ilustratzaileak buruz egin zuen gaur ikusten dugun dominarako eredua —garaiko berrien arabera, Bilintxi ez zitzaizkion bere erretratuak gustatzen—. Udalak zizelkatze-lana ordaindu zuen, epitafioaren inguruko kapitelekin batera, 175 pezeta. Ezezaguna da bi lanen egilea. Hilobia eta mausoleoko harria Domingo Calzacorta harginak egin zuen, eta 410 pezeta jaso zituen bere lanagatik; Miguel Orbegozo errementariak berriz, 186 pezeta jaso zituen inguruan zegoen eta gaur egun desagertua dagoen burdinazko hesiarengatik. 1885eko martxoaren 2an gaur egun irakur dezakegun inskripzioa bakarrik falta zen ordaintzeko, handik egun gutxira Lore Jokoen Udalbatzak idatzi zuena. "ALTUNA" sinadura duen xafla gerora egindako eraberritze batena izan liteke.

Indalezio hil eta gutxira, Manuel Curros Enriquez poeta galiziarrak gaztelaniazko olerki hunkigarri bat eskaini zion, "La canción de Vilinch" izenekoa.

1883ko uztailaren 6an, Madrilgo Retiroko lorategietan, Antonio Peña y Goñi musika-kritikari eta konpositore donostiarraren "Recuerdo a Vilinch" rapsodia txikia entzun zen, eta txalo ugari jaso zuen. 21ean, Bilintxen heriotzaren zazpigarren urteurrenean, donostiarrek Boulevardeko zumardian entzun ahal izan zuten.

Beste bisita gune batzuk