00. Sarrera
XVIII. mendean zehar, Ilustrazioa iritsi zenetik, hirietako harresien barruan gorpuak ehorzteko ohiturak osasun-arazoak zekartzala ohartu ziren agintariak. 1781. urtean izurrite bat zabaldu zen Pasaian, eta hango parrokia-elizatik sekulako kiratsa irteten zenez, Karlos III.a erregeak pragmatika bat aldarrikatu zuen 1787an, gerora ere errepikatuko zena. Hiriko harresien barruan zeuden elizetan, haien barruan edo inguruetan gorpuak ehorztea debekatu nahi izan zuen. Arau berriak erlijio-sentipenekin talka egin zuen, eta Donostian 1813 arte ez ziren San Bizente eta Santa Mariako ehorzketak eragotzi; garai hartan, hiria ia erabat suntsituta zegoela, harresietatik kanpo zegoen San Martin auzoan ezarri zen lehen udal hilerria. XIX. mende erdialdera handitu egin zen, San Bartolome muinoan bigarren hilerri bat jarrita.
1864. urtean toki berri bat bilatu beharraz ohartu ziren; izan ere, harresiak eraitsi ondoren, hiria hedatzen ari zen, eta bi hilerriek eragotzi egiten zuten.

Polloe aukeratu zuten 1875ean, hilerri moderno baten ezaugarri guztiak baitzituen: hiriaren etorkizuneko hazkundea ez eragozteko behar bezain urruti zegoen, etorkizunean handitu egin zitekeen, ongi aireztatutako ingurua zen, haizebekoa, eta gainera, gorpua azkar ihartu eta desegiteko lur egokia eskaintzen zuen.
"…kale zabal eta luzeak… ongi aireaztatutako etxadiak… behar bezain beste pasealeku dituena… eta zuhaitzak dituzten kaleak ere bai…" hala deskriba genezake Polloeko hilerria. Baina egiaz, 1864an egindako hiriaren Zabaltze Proiektua deskribatzen duen Memoria baino ez da. Hala, hilerriaren planora eraman zen udal taldeak hirirako nahi izan zuen ideia. 1897an, kronikari madrildar batek adierazi zuen, Sotomayor-eko markesaren hileten berri ematen ari zela, Polloe era modernoan egindako hilerria zela. Kale zuzenak zituen, multzokatuak, etxadietan antolatutako hilobiak; dioenez, haien artean 'kalez kale' ibil daiteke lasai, eta errazagoa egiten da aldi berean hango monumentuak ikusiz gozatzea.
Jose Goikoa Barkaiztegi arkitektoak marraztu zuen nekropoli berri hura, eta Juan Mugertza obra-maisuak lagundu zion gauzatzen. Francisco Eguren izan zen hargintzako lanen buru (harresia). Jacinto Matheu Iroster Arte eta Ofizioetako eskolako irakaslea kontratatu zuten programa ikonografikoa tailatzeko.
Hilerriaren bedeinkapena 1878ko abuztuaren 12an egin zen.

Nekropolia ez dago santu jakin baten izenpean. Hilerri berriak lur haietan egondako Polloe baserriaren izena hartu zuen.
Polloe eraiki zenetik, Udalak San Martin hilerritik, San Bartolome hilerritik eta Antiguako San Sebastian parrokia-hilerritik, hilerri berrira gorpuak nola eramango ziren arautu behar izan zuen. Mende haren erdialdean agertu ziren ehorzketa-gurdiak, eta une hartan haien egoera arautu egin zuen Udalak; handik aurrera, Udalak esleipendun bakar bati esleituko zizkion zerbitzuak, lehiaketa baten bidez, eta gurdien ekipamenduari buruzko araudi bat ere ezarri zuen. Lau kategoria ezarri ziren, eta ornamentazioa haien araberakoa izango zen.
Berehala bete ziren nekropoli modernoa okupatzeko aurreikuspenak. XIX. mendearen azken hamarkadan, jabetzako hilobi gehiago behar zirela ohartu ziren. Hala, hilerri zibileko espazioa erabiltzea erabaki zen, bai eta hobi komunak libratzea eta zuhaitzak moztea ere, aurki eraikiko ziren kaperetarako espazio librea uzteko. Kaperak zinez ziren lerdenak, eta bost hobiren tokia hartzen zuten.
Mende aldaketarekin, baina, arazoak bere horretan iraun zuen. Horregatik, handitze lan txiki bat egin zen. Batetik, San Pedro kalea, hasierako plangintzan agertzen ez zena, eta, bestetik, Kontzesio Taldea izenekoa. 1923rako, berriz, kurbaren inflexio puntuaren aurreko espazioa urbanizatzea dago aurreikusita. Hilerria sustatu zuten zinegotzien garaiko santu izendegiak eman zien izena kaleei: Alfredo Camioren tokian San Alfredo, Nikolas Goitiaren tokian San Nikolas, etab. 30eko hamarkadan, erabat desagertu zen hilerri zibilaren eta katolikoaren arteko hesia, eta ipar-ekialderako espazioa bete egin zen.
1940ko hamarkadaz eta hurrengoez gero, kurbari jarraituz egin dira zabaltze lanak, eta dagoeneko ezin da ikusi kapera zuzenean.
Beheko terrazan horma-hobien eta katakonben espazio bat proiektatu zen XXI. mendearen hasieran. Ordura arte ikusitakoan aldaketa bat egin zen Polloen: berdeguneek estaltzen dituzte ehorzketarako baliatutako lurpeko espazioak.
