Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
03. Cortazar Panteoia
- Urtea: 1882
- Jabea: CORTAZAR-ECHAVE FAMILIA
- Arkitektoa: Antonio Cortázar (1823-1884)
- CORTAZAR-ECHAVE FAMILIA
- Artea
- Historia
- Ospetsuak
Antonio Cortázar y Gorría, San Fernandoko Arte Ederren Arkitektura Eskola Berriko lehenengo promozioko donostiar arkitekto nabarmena, Gipuzkoako Bideetako Zuzendari Probintziala izan zen. Bere lanen artean azpimarratzekoak dira honako hauek: hiriko lehenengo harrizko zubia, "Santa Katalinako Zubia" eta "Cortázar Zabalgunea" izenez ezaguna dena, hiriko harresiak eraitsi osteko lehenengo zabalgunea eta Europako hirigintza modernoaren erreferentea.
Cortázar nabarmentzekoa da, halaber, panteoi honetan lurperatuta dauden arkitekto ezagunen familiako buru izateagatik. Tartean daude, besteak beste, Ramón Cortázar Urruzola (+1945) semea edo Manuel Echave Zalacaín (+1908) suhia. Bi horiek ondare arkitektoniko handia utzi zioten Donostia hiriari. Aipatzekoak dira hainbat eraikin berezi; esaterako: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, La Perlako garai bateko bainuetxea eta Errege-erreginen Bainuetxea, Arte Ederrak (Eusko Jaurlaritzak 2015/04/04an KIO izendatua), Hiribidearen eta Hondarribia, San Martzial eta Getaria kaleen arteko multzo arkitektonikoa, Urolako Tren Geltoki goratuak, Artzain Onaren Katedrala eta bere orratz lanezko dorrea, bai eta gaur egun Polloeko hilerrian dauden panteoi asko eta asko ere.
Familia horrek egindako lan eskergaren aitorpen moduan, hiriak kale bat eskaini dio familiari Amarako zabalgunean; hain zuzen, "Cortazar Arkitektoen kalea" izenekoa.
PANTEOIAREN DESKRIBAPENA: Polloen "Arkitektoen panteoia" izenez da ezaguna, eta Antonio Cortázarrek diseinatu zuen 1882ko otsailaren 6an. Hilobi monumentu bat da, harearriz egindakoa, eta arkitekto ofizioa ispilatzen duten elementu ugari ditu. Programa ikonografiko aberatsa da, gurutzeak hiru bider gainjarrita eta planoen segida hirukoitzarekin, Hirutasun Santuari erreferentzia eginez. Horiek guztiek izaera bertikaleko konposizioa eskaintzen dute, bertan lurperatutako hildakoen arima Jainkoarengana igotzearen sinbolo gisa.
Lehen planoan, beheko aldean, mundu lurtarra ageri da irudikatuta. Hor ageri da lehenengo gurutzea, greziar gurutzearen itxurako solairua duen eraikuntza moduan, eta bertako gurutzaduratik ateratzen da hilobi zutabea. Beraz, gurutzea lurrean adierazten du, eliza kristaua, eta oinarri horren gainean altxatzen da monumentua.
Zutabea, forma laukizuzenekoa, monumentuaren nukleo nagusia dugu. Aurrealde nagusian, idazkun hau ageri da harrian idatzita: "Antonio Cortázarren eta seme-alaben familiaren jabetzakoa"; beste hiru alboak, berriz, marmol zurizko hiru plakek estalita daude, piztuta eta behera begira dauden hiru zuzi parerekin apainduta, iraungitzen ari den bizitzaren sinbolo, eta amaiera adierazten duen omega greziar sinboloarekin.
Zutabearen angeluak enbor lauzko zutabeekin daude apainduta; hots, hildakoak atseden hartzen duten toki sakratua babesteko sinbolo arkitektonikoarekin. Eta, era horretan, bizitza lurtarretik heriotzarako jauzian bere babesa ziurtatuko da.
Entablamendua, berriz, hiru platabandako arkitrabe batek osatzen du, zutabe horien gainean baino markaturik ez dagoena, eta friso lau bat du, lau ertzetan izan ezik; hor, akanto hosto batzuk daude zizelkatuta, angeluan, bizitzako probak gainditzearen sinboloak.
Erlaitzean, arku txiki apaingarrien segida batek babesa ematen die harrizko erroseta batzuei, eta animalia formako lau gargolak husten dituzte urez isurkiak.
Bigarren plano batean, bizitzatik heriotzarako jauzia ageri da irudikatuta. Bertan ageri da bigarren gurutzea; berriz ere, greziar gurutzearen itxurako solairua duen eraikuntza baten bidez. Besoak puntu erdiko lau arkutan amaitzen dira, eta han, horma hobi batzuk daude, errauts kutxatilekin. Hilobi horretan atseden hartzen ari diren hildakoen arimak gordetzen dituzten kutxatilak dira. Hil Oihal Santuak babesten ditu, Zeruratzearen eta Azken Judizioaren zain dauden bitartean.
Azkenik, hirugarren planoan, igokundea amaitzeko, bigarren gurutzearen gurutzaduratik hirugarren gurutzea ateratzen da: lirio loreko sekulako gurutze bat da, Jesukristoren eta Andre Mariaren sinbolo.
Era horretan, arkitektura baliatuz, eta modu sinboliko zein samurrean, bizitzatik heriotzarako igokundea eta Piztueragatiko itxaropena irudikatzea lortu du Antonio Cortázarrek.