Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
41. Jose Maria Gonzalez Castrillo "Chumy Chumez"
- Jarduera: umorista grafiko
- Jaiotza eta heriotza data: 1927-2003
- Ospetsuak
Chumy Chumez -Jose Maria Gonzalez Castrillo- XX. mendeko espainiar umorista grafiko garrantzitsuenetariko bat, mundu mailan ospetsua, 1927ko maiatzaren 8an jaio zen Donostiako Mandas Dukearen Pasealekuan. Bere binetetan XX. mendeko bigarren erdialdeko espainiar bizitzaren ibilbidea irudikatu ondoren, 2003ko apirilaren 10ean hil zen Madrilen.
Atochako eskoletan ikasi zuen. Bertan, bere inteligentzia eta marrazkirako erraztasunari esker nabarmendu zen. Hamabost urte zituenean Arte eta Ofizioetako Eskolan hasi zen, “eskaiolak eta aurrean jartzen zioten guztia marrazten”. Merkataritza irakasle ikasketak egin ostean, Aurreikuspen Institutu Nazionalean funtzionario plaza lortu zuen, baina bere benetako zaletasunak, marraztea, alegia, Donostian Vicente Cobrerosen eskoletara eraman zuen. Horiek asebete ez zutenez, Skira argitaletxearen liburuetatik atera zuen probetxu gehiago, korronte piktorikoetan eguneratzeko aukera eman ziotenak.
Laster, pintura erakusketa kolektiboetan parte hartzen hasi zen eta bere umore grafikoko binetak sortzen hasi zen, tokiko egunkarietara bidaltzen zituenak. 1947an, bere laguna zen Rafael Munoak, Donostiako prentsan kolaboratzen zuenarekin, Álvaro de Laiglesiari txiste batzuk bidaltzeko animatu zuen. Azken honek 1944an Miguel Mihura ordezkatu zuen “LA CODORNIZ” aldizkariaren zuzendaritzan. 47ko azaroaren 4an aldizkariko kolaboratzaile bezala onartu zutela zioen gutuna jaso zuen. Handik gutxira, “LA CODORNIZ” aldizkariko kide nabarmen bezala hasi zen lanean, eta bertan egon zen 1972ra arte. Inoiz ez zuen Álvaro de Laiglesiak bidalitako gutun hori bota, eta beti izan zuen bere lan mahaiaren aurrean, markoztatuta.
1952an eta dagoeneko Madrilen bizitzen, “Composición” olioarekin hartu zuen parte Aranaz-Darras galeriak sustatutako Donostiako San Telmo Museoko Gabonetako III. Lehiaketan, eta sari berezia lortu zuen.
Madrilen San Fernando eta Arte Grafikoen eskoletan egon zen, baina konturatu zen gehiago ikasiko zuela behatzen eta Picasso ikasten eta Arte Ederren Zirkuluan naturalean margotzen. Bertan, Antonio López, Rafael Zabaleta eta Paco Moreno Galvanekin kointziditu zuen. Arte Ederren Zirkulura joaten jarraitu zuen, ”eskua egitera”, hil zuen minbiziak aukera eman zion arte.
Laster konturatu zen LA CODORNIZeko umorista bezala lortzen ari zuen ospeak margolari bokaziotik urrunduko zuela, eta horrela izan zen.
60ko hamarkadan MADRID egunkarian kolaboratu zuen. Bertan, hizkuntza propioarekin distiratu zuen 1971. urtean itxi zuten arte. Eta hamarkada horretan TRIUNFO aldizkarian hasi zen lanean, oposizio frankistaren ikur bihurtu zena.
70eko hamarkadaren hasieran, bere jakin min artistikoak Europa eta ipar Amerikan bidai bat egitera eraman zuen, umore erredakzio nagusiak ezagutzeko: CHARLIE HEBDO Frantzian edo NEW YORKER AEBetan. Bidai horri esker sortu zen “HERMANO LOBO”, 1972an sortu eta 1976ra arte iraun zuen aldizkaria.
Urte horretan, 1976an, Francoren heriotzak egoera zail batean jarri zuen. Ordura arte ezkertiarren eta aurrerakoien irudi izan bazen ere, demokraziarekin lehen goraipatzen zutenen makilkadak jaso zituen, dogmak uneoro ukatzeak eta bere izpiritu kritikoak edozein ideologia kolpatzera eraman zutelako.
Independentzia ideologiko horri esker, Blanco y Negro, La Codorniz, Madrid, Triunfo, Hermano Lobo, ABC, El Socialista, COLPISA, Por Favor, El Imparcial, Diario 16, el Diario Vasco, El Independiente, El Europeo, El Progreso, Cuadernos para el Diálogo, Pueblo, etab... aldizkarietako bere argitalpenetan Espainiaren benetako irudia jaso genuen 1940tik 2003an hil zen arte.
Eleberri, entsegu, zinema gidoi batzuk ere idatzi zituen, liburuak irudiztatu zituen, pelikula eta dokumentalak zuzendu zituen, irrati eta telebistan tertuliakidea izan zen, eta hizlaria Espainian, AEBetan, Ingalaterran, Suitzan, Holandan, Kosta Rikan, Venezuelan, Brasilen, Argentinan...
30.000 liburu baino gehiago argitaratu zituen umorista bezala, guztiak ezaugarritzen duen eguzki beltzarekin izenpetuak. Horietan, ideiak irmotasun osoz eztanda egiteko pentsatutako enkoadraketa, egitura eta osaera ikus dezakegu, Montserrat Fornells Artearen Historiako doktorearen hitzetan, “ez dira bizi izan zen garaiko kronika bat bakarrik, baita gizakiaren ezinegon, kontraesan, filia eta fobien kaleidoskopio bat ere; hori dela eta, beti dute gaurkotasuna”.
Bere talentua sari ugarirekin aitortu zitzaion, hala nola, Umorearen Legio Eleberriaren Nazioartekoa (1958), Montrealeko Umore eta Karikaturaren Nazioarteko Aretoaren Lehenengo Saria (1970) edo Quevedos Umore Grafikoaren Sari Iberoamerikanoa (2002).
Máximo umorista eta bere lagun onak hauxe idatzi zuen: “Chumyk ehuneko absolutuetan dauka inteligentzia eta zorroztasuna. Beraz, Chumyren txiste batean % 100 inteligentzia eta % 100 zorroztasuna dago: hau da, % 200 prodijioa, aritmetikan batuketa ezinezkoa bada ere, artean posible da: Chumy Chúmez.” Idatzita eta sinatuta utzi zuen bere errautsak bere arreba Isabeli ematea nahi zuela, eta horregatik daude Donostiako Polloe hilerriaren Bermejo familiaren panteoian.