Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
14. Rezola panteoia
- Urtea: 1888
- Jabea: José María Rezola Gaztañaga
- Sustatzailea: Bernardo Rezola Olasagasti
- Lan-maisua: Benito Olasagasti Irigoyen
- Lan-zuzendaria: Benito Olasagasti Irigoyen
- José María Rezola Gaztañaga
- Jarduera: Industrialari
- Historia
- Ospetsuak
Ikur bakar gisa, gurutzea duen irudi honek gogora ekartzen digu gorpu bat ehortzi den lekua hasiera-hasieran nola adierazten zen. Hildakoen erregistroan nabaria da eramailetza liburuen garbitasuna, eta hori ezinbestekoa da enpresa baten antolakuntzan.
Bi anaiak jarri zuten Rezola abizena Gipuzkoako merkataritza- eta enpresa-negozioen lehen lerroan, XIX. mende erdialdean: batetik José Antonio Rezola Gaztañagak, haren Lizarriturry y Rezola enpresak 1864tik xaboia ekoizten zuena (besteak beste ‘Jabón Lagarto' ezaguna) eta bestetik José María Rezola Gaztañagak 1850ean ‘La Esperanza' zementu natural lantegia sortu zuena, gerora Cementos Rezola izango zena. Bizitza laburra izan zuen, baina enpresak etorkizunean izango zuen arrakastarako oinarriak ezarri zituen: Añorgako lurrak erosi zituen, harrobiari esker hornidura ziurtatu, eta obra publiko handietan hasi zen lanean. Bere lantegitik, 1851ean, Donostiako portuko kaia eraikitzeko, karea eta silarriak hornitu zituen.
José María 1867an hil zen, eta orduz geroztik, haren alargun Dorotea Olasagasti Irigoyenek hartu zuen enpresaren gidaritza, haren sei seme-alabetako hiruk zuzendaritzaz arduratzeko moduko adina izan zuten arte. Maríak eta, batez ere, Bernardo eta Ricardo Rezola Olasagastik zuzendu zuten zementu-lantegiaren norabidea, berrogeita hamar urte baino gehiagoan, hainbat izenen azpian: ‘Viuda e hijos de J.Mª.Rezola', ‘Hijos de J.Mª.Rezola' matriarka hil eta gutxira, ‘Hijos de J.Mª.Rezola y cía' 1900ean Loidi, Lizarriturry, Zulaica, Irastorza, eta abarren kapitala behar izan zutenean, eta azkenik, ‘Cementos Rezola S.A.', Bernardo hil ondoren, enpresa garai modernoetara egokitu behar zenean, eta enpresa Sozietate Anonimo bihurtu.
Sortzailearen espiritua lagun izango zuten bi semeek, eta instalazioak etengabe berrituko zituzten, tamaina handiko enkarguak artatu ahal izateko. Mugarririk garrantzitsuena 1901etik aurrera Portland zementu artifiziala fabrikatzea izango da, Espainian hori egin zuen hirugarren zementu-etxea izan baitzen. Une hartan hasi zen behin betiko jauzia, eta hala, sektoreak Espainian zuen lehen enpresa bihurtu zen 1947an. Orduz geroztik, 1958ra bitartean izugarri hedatu zen, eta zementu-lantegi berriak ireki zituen. 1989an, Ciments Français etxeak hartu zuen Cementos Rezolaren kontrola.
Fabrikaren inguruan, Rezola familiak hauxe proiektatu zuen: "…kirolerako eremua, futbol zelai eder batekin eta estalitako frontoi bikain batekin, antzoki aretoa… ekoizleen seme-alabentzako aprendiz-eskola… Etxebizitzei dagokienez, gaur egun 200etik gora dira, modernoak eta erosoak. Multzoa osatzeko, txalet eta hoteltxo ugari daude. Zerbitzuak ere badaude: ekonomatoak, harategia, arrandegia, okindegia eta gizon zein emakumeentzako ile-apaindegia. Hala ere, herrixkako eraikin guztien gainetik, elizaren dorrea gailentzen da..."ABC "Cementos Rezola S.A. Empresa Ejemplar" 1955-08-9