Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

28. Echeverría-Lorbes panteoia

San Prudentzio 219-223
  • Urtea: 1923
  • Jabea: Echeverría-Lorbes
  • Sustatzailea: Echeverría-Lorbes
  • Arkitektoa: Eduardo Lagarde
  • Egilea: T. Altuna
  • Estilo arkitektonikoa: Simbolismo modernista

Sinbolismo modernista. 1923ko azaroaren 2an, El País Vasco astekariko kronikari batek honela deskribatu zuen: "…Hortxe dago Inocencio Echeverría jaunaren oroimenean altxatu dena, amaitu gabe oraindik. Marmol zurizkoa da goitik behera. Gurutzearen erdian, Salbatzailearen aurpegia dago. Haren alboetatik igotzen da huntz sinbolikoa… Erredentzio ikurraren oinean, emakumezko irudi bat ─oinazea─ burua lurrerantz eroria duela ageri da. Ileak ezkutatzen dio aurpegia. Mausoleo hau amaitutakoan, ederrenetakoa izango da. …"

Lagarde-ek Desconsoletik hartu zuen inspirazioa, eta Josep Llimonak sentimendu hura harrapatu eta irudikatzen jakin zuen, 1907ko lanean; hilerriak toki isilak dira, eta hantxe aurkitu zuen bere lanak gordetzen zuen samina komunikatzeko tokirik onena.

Inocencio Antonio Echeverría Urruzola, ogibidez errentatzailea, eta Pilar Eduarda Dominica Lorbes García Okendo kaleko 16an bizi ziren, gaur egun desagertua dagoen etxebizitza batean. 1886an Inocencio Mar de Platara joan zen, han proiektatu zuen bainu-etxean erruletaren jokoa instalatzeko. Brasilen jaio ziren bi alabak, Elena eta Pilar. Donostiara itzuli zenean, José Luis semea jaio zen 1902an.

1903an, Braulio Echeverríak, Inocencioren anaiak, Okendo kaleko 16an eraberritze-lan bat egin zezan eskatu zion Luis Elizalde arkitektoari. Hark lan-taldea bildu zuen, eta gero, apaintze eta ekipamendurako taldea ere bai; besteak beste, hirian ezagunak ziren baina hiritik kanpo proiekzio handiagoa lortuko zuten artistak, esaterako, Gargallo Anaiak dekoratzaile eta eskultoreak. Braulio 1909an sortu zen Espainiako Papergintza Sozietateko bazkide eta sortzailea izan zen. Udal politikan ere jardun zuen, erregidore gisa, 1906-1909 bitartean.

Pilar Echeverría Lorbes (*1900 Brasil +1994 Donostia), Juan Felipe de Ranero Rodríguez de la Viñarekin ezkondu zen; senarra, 1920tik aurrera, ibilbide diplomatikoan aritu zen, eta besteak beste, Tanger, Beirut, Atenas edo Erromako enbaxaden buru izan zen.

 Familiaren etxea, Okendo 16koa, posta-txartel batean agertu zen, Easo Ederraren kutsu modernoa ezagutzera emateko tirada bat sortu baitzuten. Halaber, etxea eraberritzeko lanak garai hartako arkitektura-aldizkarietan agertu ziren, eredugarritzat hartu baitzituzten.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea