Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

39. Alvaro de Laiglesia Panteoia

Bakearen Ama Birjina 171
  • Jabea: Álvaro de Laiglesia González
Álvaro de Laiglesia González *1922, Donostia +1981, Manchester. Familia aberats batean jaio zen. Madrilera joan ziren bizitzera, baina Igeldoko magalean zegoen familiaren etxea ‘Villa Sorolla' berentzat gorde zuten, udako oporretan hara joaten baitziren. Familiako negozioek krisia izan zuten, eta 1936ko udan, familiak Donostiara itzultzea erabaki zuen. Lehenbizi ama etorri zen bi alaba eta Álvaro gaztearekin. Astebete beranduago, aita aterako zen bi seme nagusiekin, baina plan horiek bertan behera geldituko ziren, gerra hasi baitzen, eta familia bananduta gelditu zen. Donostian bizi zela, Álvaro Flecha haurrentzako aldizkari falangistarekin kolaboratzen hasi zen.  Handik gutxira, La ametralladora aldizkarian lan egin zuen; hura ere falangearena zen, eta borrokalariei zuzenduta zegoen. Erredakzio hartan ezagutu zuen Miguel Mihura, aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria.

Gerra amaitu zenean, eta aldizkaria itxita zegoela, Habanara abiatu zen, eta han, Diario de la Marinan lan egin zuen. Laster itzuliko zen Madrilera, eta Miguel Mihurak kontratatuko zuen La codornizeko erredaktore burua izateko. Aldi baterako, lana utzi zuen, Dibisio Urdinean sartzeko. II. Mundu Gerran borrokatu zuen, eta zauritu egin zuten. Sendatutakoan, berriro ere frontera itzuli zen berriro, baina orduko hartan, Informaciones egunkariko berriemaile gisa. Madrilera itzuli zenean, erredaktore buru gisa hasi zen berriro. 1944an, Mihurak utzi egin zuen aldizkaria, eta Álvaro de Laiglesia izendatu zuen zuzendari. 1977an aldizkaria itxi zuten arte egongo zen karguan. Laiglesiarekin batera lan egin zuten maila handiko pertsonai askok, besteak beste, Gómez de la Serna, Jardiel Poncela, Mingote, Chumi Chumez, eta beste hainbatek. 1952an esklusiba bat sinatu zuen José Manuel Lara-rekin, eta Espainian gehien irakurtzen zen umorista bihurtu zen. La codornizeko zuzendari izateaz aparte, beste lan batzuk izan zituen; adibidez, telebistako serie eta filmetako gidoilari izan zen. Antzerkirako obrak eta liburuak ere idatzi zituen, eta berrogei lanetik gora argitaratu zituen, gehienak eleberriak, umore handikoak denak. Ingalaterran hil zen, Anne Heath emaztearen senide batzuen etxean.

Hilarriko epitafioan bertan ere, haren umorea hautematen da. Bertan, Álvaro de Laiglesiak, agur esateko, 'Gero arte' esaten digu.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea