Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

43. Jesusen bihotzaren irudia

San Sebastián 430-432

Neobarrokoa. Barrokoko estatuek duten forma eta espresiora itzultzeaz hitz egiten digu monumentu honek. Ikusleak parte hartzea bultzatu nahi duen eszenatoki dinamiko bat sortu da.

 Jesusen Bihotzaren irudiak gorakada izan zuen Donostian XX. mendeko lehen hamarkadan.  1902an, Garibai kaleko Jesusen Bihotzaren eliza eraikitzen hasi ziren, Juan Bautista Lázaro arkitektoaren eskutik eta 1904an amaitu zuten, Daniel de Zuloagak atariko tinpanoa apaindu zuenean. Ataria apaintzeko, kolore leunak zituzten zeramika piezadunak baliatu ziren, eta Jesusen Bihotzaren bustoa irudikatu zen, alboetan aingeruak zituela. Eraikuntza hura egiten zen bitartean, 1903an, Teresa Dupouy-ren amak –gerora 1930an Jesusen eta Mariaren Bihotzaren Misiolarien kongregazioa sortuko zuenak─ lurrak eman zituen Mirakontxako Gainean, izen hura zuten serorek eskola handi bat eraiki zezaten.

1913an Mariano Benlliure eskultoreak Jesusen Bihotzaren irudi bat egin zuen, orduz geroztik Groseko San Ignazio eliza neogotikoan egongo zena, eta hala, hango mezen buru izango zena. Halaber, 1916ko apirilaren 25ean, La Constancia egunkariko irakurleek aldaketa bat ikusi zuten egunkariaren goiburuan, Berpizkundearen igandean hain zuzen ere: egun hartatik aurrera, irudi sakratuaren busto bat agertuko zen han, inprimatuta.

Ikusten dugun monumentuaren berdin-berdina da San Bizente 291-293an dagoena, 1931. urtekoa. Orientazio klasiko baten barruan, San Martin 321-323ko obra dugu, 1925. urtekoa.

Bestalde, Jesusen Bihotzaren irudia erabili zen kaperetako beirateak apaintzeko. Polloen zenbait adibide ditugu: esaterako, San Ignazio 109-113an dagoena, 1906koa, San Prudentzio 140-144koa, 1905ekoa, edo San Bizente 122-123ko kaperakoa, 1910ekoa, besteak beste. Bi adibide: San Sebastian 156-158 eta 255-257koa, 1908 eta 1914koa hurrenez hurren. Horietan, Jesusen Bihotzaren bustoa aukeratu da hileta-monumentuaren buruan jartzeko. Eta bada beste modalitate artistiko bat: irudia osatzeko teselak erabiltzea. San Sebastian 157-167an dagoen 1902ko kaperan, irudi bikain bat agertzen zaigu, mandorla batean sartuta, guztia material horrekin egina.

Urtetik urtera, jai-egun desberdina izaten du, baina beti izaten da Mendekosteko bigarren igandearen ondoko ostirala. Bederatziurrenak hainbat elizatan errepikatzen ziren: Santa Maria elizan, San Ignazion, San Bizenten, Kaiko San Pedron, Artzain Onaren elizan eta nola ez, Garibai kaleko Jesusen Bihotza elizan. Balkoiak haren irudi jainkotiarra agertzen zuten tapizekin janzten ziren, eta Artzain Onaren elizatik haren irudia ateratzen zen prozesioan. 

Erlijiorako gogo sutsu horren barruan ulertu behar da herritarren harpidetzei esker Federico Coullaut-Valera eskultoreak 1945ean Urgull Mendiaren gainean egin zuen estatua bikain eta izugarria.

"Ekaineko azken igandean, 30ean, egiten diren bisitak bezain beste barkamen oso lortu daitezke. Horretarako, beharrezkoa da aurretiaz hamabost sermoi edo hizketaldi entzutea, hileko beste hainbeste erregu gupidatsutan egotea, eta sei pater, ave eta gloria errezatzea, horietako bat Aita Santuaren asmoetarako. Guztiz Santua zena zaintzeko konpromisoa hartu zuten pertsonak bereziki gonbidatuta daude egun horretan Jesusen Bihotzari lagun egitera." El Pueblo Vasco, 1935eko ekainaren 28a.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea