Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
12. Fermín de Lasala y Collado, Mandasko Dukea
- Urtea: 1882
- Jabea: Fermín de Lasala y Collado, Duque de Mandas
- Sustatzailea: Fermín de Lasala y Collado, Duque de Mandas
- Lan-maisua: José Clemente de Osinalde
- Fermín de Lasala y Collado, Duque de Mandas
- Jarduera: Politikari
- Jaiotza eta heriotza data: 1832-1917
- Historia
- Ospetsuak
Lasala familiak, hasiera batean, ehorzketarako hobiak eraiki zituen, eta 1882an eskatu zuten hileta-monumentua jartzeko baimena; gurutze soil bat, harlauzen erditik altxatzen dena. Inskripzioak jartzeko baimena ere eskatu zuten. Kristoren Pasioko azken estadio gisa altxatzen den gurutzea hartu zuten erreferentziatzat. Perimetroa ixteko, burdinazko hesi bat dago; hemen balkoietako itxituretan ikusten den eredua jarraitzen badu ere, flameroak ditu angeluetan, eta loto-lore itxia, karelean zehar. Argizari-ontzi aroak ikusten ditugu honetan monumentua egun seinalatuetan argitzeko.
Fermín de Lasala Collado (*1832 Donostia +1917 Madril). Haren bi aitonak Behe Nafarroatik eta Santanderretik etorri ziren, hurrenez hurren, XVIII. mendean, eta familia gipuzkoarrekin bat egin zuten, ezkontzaren bitartez. Merkatariak ziren biak. Ferminen aitak, Fermín Lasala Urbietak (*1798 Donostia +1853 Madril) arrakasta izugarria izan zuen bai merkataritzan bai eta enpresan ere; Donostiaren berreraikuntzari esker, interes kapitalistak izan zituen nonahi, baita AEBetan bertan ere. Maila goreneko ibilbide politikoa egin zuen; Donostiako Alkatetzatik (1842) Foru Aldundiko lehendakari izatera pasatu zen (1844) eta gero, Madrilgo Diputatuen Kongresura ere iritsi zen (1846-1853). Haren emazte Rita Collado Parada (*1804 Donostia) Colladotarren familiakoa zenez, Lasala Colladotarren Tertulia politiko ospetsuetako kide zen; hala, Donostiako liberalismoa defendatzen zuen, Isabel II.-aren aldekoa, Gerra Karlistetan. Aitak utzitako tokian jarraitu zuen ibilbidea semeak. Oinordetzan jasotako aberastasuna izugarri areagotu zuen, Gipuzkoako industriaren gorakadari esker; Brunet etxekoekin batu zen, eta gainera, ibilbide politiko arrakastatsua ere egin zuen. 1857an aitaren aulkia jaso zuen oinordetzan, eta Sustapeneko ministro izatera iritsi zen (1879). Gerora, ordea, jarrera liberaletatik urrundu zen, eta Cánovas del Castilloren jarraitzaile kontserbatzaileekin bat egin zuen. Laurogeita hamarreko hamarkadan enbaxadore izan zen Parisen, baina ezin izan zuen Frantziaren sostengua lortu, Amerikako azken koloniak galtzear baitzegoen, AEBen eskuetan. 1900. urtetik aurrera diplomazia-lanak egin zituen Londongo enbaxadaren buruzagitzan, eta hari esker, Espainiak Afrika iparraldeko kolonialismoan parte hartu ahal izan zuen.
Garai hartan nobleziak lilura sortzen zuen burgesia sortu berriarengan, eta Lasala familiak ezin izan zuen hortik ihes egin. Fermín aitak, bere buruaren alde, Juan de Urbietaren ondorengo zela aldarrikatu zuen, 1525ean Paviako gudan Francisco I. errege frantziarra preso hartu zuenarena. Fermín semea, aldiz, Cristina Brunetti Gayoso de los Cobos (*1831- +1914) aristokratarekin ezkondu zen eta haren bitartez, ezkontide gisa, Mandasko Dukearen titulua etorri zitzaion 1884an ─titulu horrexegatik ezagutu ohi da, gainera─, eta azkenik, eta Handietako bat izatea lortu zuen 1889an.
Ezkontideak hil zirenean, ondorengorik ez zutenez, "Cristina Enea" hiriarentzat gelditu zen, Mandasko Dukeak hala nahi izan zuen-eta. Egia auzoan dagoen hiriko parke handi bat da. Hantxe jarraitzen du haien jauregi tankerako etxebizitzak, 1890ean José Clemente de Osinaldek egindakoak. Parkean zehar, era askotako zuhaitzak ikusiko ditugu. 1977an Bartzelonara lehen pauma bikotea iritsi zenetik, parke honen nortasun-ikurra izan dira.Fermín Lasala Collado eta Fermín Calbeton etxe berean jaio ziren –plaka batek hala adierazten du- eta azken aterpean ere, auzokide izan nahi izan zuten. Haien lagun eta bazkide ziren Brunet familiakoen kaperatik ere hurbil daude.