Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

21. Luzuriaga panteoia

Santa Katalina 146-150
  • Urtea: 1943
  • Jabea: Victorio Luzuriaga
  • Arkitektoa: Ricardo Olarán Añíbarro
  • Egilea: Altuna
  • Estilo arkitektonikoa: Clasicismo

Klasizismoa. Victorio Luzuriagak, 1943an, Altzan zuen pabilioia ongi egindako ekoizpena gurtzeko tenplu gisa hartu zuen. Garai hartan, haren antzinako hilobia berritu zuen, eta industria-pabilioia egin zuen arkitekto berari eskatu zion, Ricardo Olaráni. Arkitektoak klasizismoan bilatu zituen lan hartarako ukituak, eta gure aurrean atari izugarri bat balitz bezala altxatzen den arkitektura-lana gauzatu zuen. Apaingarriak bat datoz monumentuaren eginkizunarekin, eta gainera, elementu anekdotiko moduko batzuk dira; batez ere, pilastra bakoitzarekin lotutako girlandak. Pilastrek, gainera, aurrealdean ildoak dituztenez, garai arrazionalistako dekorazio tubularra gogorarazten dute. Eta horrexek ematen dio monumentuari, gurutze luzearekin batera, bere ezaugarririk nabarmenetako bat: bertikaltasuna. Izan ere, ongi egindako lanak ─kristau bizitzan egindakoak─ ekarritako goraldi edo igoera bat adierazten du.  

XIX. mendeko bigarren erdian, Gipuzkoako metalurgia-industria hazi zenean, Donostia hiria baztertuta gelditu zen, itsas portua izan arren. Ordurako, Gipuzkoako hiriburuak beste eginkizun batzuk zituen: toki erresidentziala zen, eta aisialdikoa. Hala eta guztiz ere, Javier Luzuriaga Arpide gazteak (* 1855 Oiartzun + 1928 Donostia), 1887an, bazkide batekin batera, fundizio txiki bat sortu zuen Kaiko pasealekuan eta gerora, Abuztuaren 31 kalean. 1898an Ategorrietara aldatu zen, eta hogei urte geroago, jauzi bat eman zuen, Pasaiara aldatu eta Molinao fundizioak erosi baitzituen.

Hil zenean, Victorio Luzuriaga Iradi (*1881 Lasarte-Oria + 1960 Donostia) semeak jaso zuen, eta hark "industria-inperio" izateraino bultzatuko zuen Astilleros Luzuriaga. Lantegiaren erabateko garapena oztopatzen zuten arazoei tinko egin zieten aurre. Enpresaren ibilbidean lau mugarri aipa daitezke: batetik ur gaineko dikea instalatu izana, Pasai San Pedroko portuaren aurrean, Errepublikako urteetan.  1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, fundizioetarako ezinbesteko materia baten falta etorri zen: kokezko ikatzarena. Luzuriaga etxekoak Ingalaterratik inportatzen hasi ziren. Halaber, berrogeiko hamarkadan izan zen gasolina-falta ere konpondu zuten: auto eta kamioietarako gasogenoak fabrikatu zituzten, eta hortik, automobiletarako pieza moldeatuak ekoiztera pasatu ziren. SEAT enpresarekin ere harremanak sortu zituzten. Baina horrez gain, elektrizitatearen eskasiari ere aurre egin behar izan zioten; izan ere, garai haietan, itzalaldi ugari egoten zen, eta horregatik, zentral termiko bat erosi zuten Hernanin.

Francisco Luzuriaga Tobalina semeak eta José Urresti Andonegui suhiak hartu zuten, gerora, enpresaren zuzendaritza. Hirurogeita hamarreko hamarkadan krisi latza izan zuten, euskal siderurgia sektore guztiak bezala.

Laurogeita hamarreko hamarkada hasieran desagertu zen "Astilleros Luzuriaga S.A." enpresa, garai onenetan 4000 langile izatera iritsi zena, eta lantegia Fagor-en eskuetara igaro zen.

1888ko abenduaren 24an El Guipuzcoano egunkarian aipatu zen Eguberrietako loteriaren sari nagusia Donostian suertatu zela, eta nori tokatu zitzaion adierazi zuen. "Iraizoz eta Luzuriaga jaunek, dezimo bat zuten Kaiko fundiziokoek, 25. 000 duro eskuratu dituzte…." Zenbakia 4211 zen.

Loteriako sari hari eta banketxe baten maileguari esker, Javier Luzuriagak Molinao Fundizioa erosi zien haren jabe ziren Brunet familiari eta Mandasko Dukeari. Erosketa ixteko, eskua eman zioten elkarri.  

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea