Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

22. Aingeruaren Irudia

Gauza sentikorren mundua eta mundu espirituala lotzea da aingeruen eginkizuna.

Hirurogeita hamahiru adibide ditugu hemen; batetik erliebeak ─gorputz osokoak zein buru hegodunak─ eta bestetik konkor biribildunak.

Okupazioaren hasieratik, 1897. urte arte, zazpi monumentu egin ziren aingerua protagonista zutela. Halako irudiek ospe handia lortu zuten 1900etik aurrera: urte hartatik 1917 arte berrogei errepresentazio egin ziren.

Aingeru otoizgileak edo bitartekariak heriotzaren aurrean nor bere barnera nola biltzen den adierazten du; hots, Berpizkundea iritsi arte izaten den itxaronaldi lasaia. Eskuak elkartuta edo bular gainean dituztela irudikatzen dira, hegoak tolestuta dituztela, eta aurpegi atsekabetuarekin. 1880an Santa Klara 54an egin zen eskultura-irudi bat dago, Jacinto Mateuk egina izan litekeena, eta haren soiltasun eta barruratzea erabatekoa da; ez dugu halakorik ikusiko XX. mendeko 30eko hamarkadara arte.

1886an ikusten dugu lehen aingeru zaindaria edo Berpizkundearen itxaronaldiko laguna. Obra hori Marcial de Aguirre eskultoreak egindako Santa Katalina 79an ikusi dezakegu. Kasurik gehienetan, koroa edo lore sorta eduki ohi du eskuetan. Aurreko kasuan bezala, hegoak tolestuta ditu, 1904koa den San Sebastianeko 181-183koak bezala.1904. urte hartan, aingeruaren irudiaren ondoan bestelako atributuak agertzen hasi ziren; esaterako, martirioaren palma, eta aldi berean, haren inguruan giro eszeniko bat sortzen da. 1907an, San Sebastian 217-221ean, monumentu batek izan duen ikur sorta handienera iritsi zen: martirioaren palma, lore-koroa, gurutzea huntzarekin, Espiritu Santua adierazten duen usoa, pasio-loredun girlanda eta oliozko lanpara. Horrek guztiak, gainera, harkaitzezko eszenatoki bat du.

1894an, lehen aldiz, Memento Moriren ideiarekin lotutako aingeru baten irudia agertzen zaigu. Izan ere, filakteria bat darama eskuetan, mezu honekin: "Memento, homo, enim pulvis es et in pulverem reverteris."  (Gogoratu, gizakia, hauts zara eta hauts bihurtuko zara). Aingeruaren irudia kapera baten gainean jarri zen lehen aldia izan zen. Adibide hori San Ignazio 95-99ko kaperakoa da, eta Agustín Fermín eskultoreak egina.

1909. urtean agertu zen Berpizkundeko Aingeru iragarlea. Aingeruarekin batera, tronpeta luze bat agertzen da, eta instrumentu horixe entzungo da loriaren unean, hain justu ere. Hegoak erabat irekita dituela irudikatu ohi da, astindu egingo balitu bezala, eskuineko besoa altxatuta eta hatz erakusleak zerura begiratzen duela. Haizeak tunika eta ilea mugiarazten ditu, eta horrek loriaren errepresentazio orok inguruan izaten duen poz eta aztoramena ekartzen dizkigu. Adibide garrantzitsu bat San Lorentzo 109-117/San Prudentzio 110-118 da, 1910ekoa.

Jarrera lasaian, 1915eko adibide bat dugu San Prudentzio 220-222an, eta azken agerpena 1955. urtean, San Frantzisko Xabier kaleko 56-58an. 1911n, gai hori antzerki-izaera argiarekin irudikatu zen, San Sebastian 232-234an. Ate bat ageri da erdi irekita, eta aingerua eskailera batetik jaisten ari da, hildakoei Berpizkundea iritsi dela adieraztera joango balitz bezala.

1904an aurkituko dugu Aingeru Zaindariak gidatutako umearen adibide bakarra, San Sebastian 189-191ean. Halaber, urte hartan, Stella Marisekin lotuta dagoen aingeru gidariaren irudia ugaritu zen, esaterako San Sebastian 185-187an. Kopetaren gainean izar txiki bat du, eta horrek ekartzen digu hura gogora. Gainera, gurutzea ─erlijioaren ikurra─ euskarri izango da zeharkaldian.

Polloen oso hedatuta ez dagoen tematika bat aingerua irudi teologal gisa irudikatzea da: Fedea ─kaliza ikur gisa duela─ eta Itxaropena, ainguraduna. Horren adibide bat hogeita hamarreko hamarkadan altxatutako monumentu bat da, San Ignazio 118-120koa. Badugu hogeigarren hamarkada amaierako monumentu bat, Santa Klara 329koa, zeinetan aingerua eta aingura monumentu berekoak baitira; hala ere, haien artean ez dago harreman zuzenik. Aingura gurutzearen oinean dago, eta Liburuaren euskarri da; aldiz, aingerua gurutzerantz begira dago, eta haren euskarri da.

Hainbat monumentutan, gai nagusia aingeru haurra da. Askotan, gurutzearekin lagunduta agertzen dira, esku txikietan lore sorta edo koroa txikiak eramanez, loreak oinen azpian zabaltzen dituztela. Berpizkundeko putti txikiak dira horren eredu. Bi alditan, irudikatutako haurra irudi erreal batera hurbiltzen da, zeinetan haurraren jarrera eta janzkera sentipen hori ematera bideratuta baitaude. Artean ere ume izanik hildako seme-alaben oroimenez egin ohi dira halako monumentuak.

Hileta-monumentuetan, apoteosi handiak irudikatzen dituzten koadroetan gertatzen den bezala, buru hegodunak loriaren iruditzat hartzen dira. Kaperetan adibidez, sarreren alboetan aurkitu ohi ditugu, mentsula gisa, edo apaindura-programa batetako azken adierazpen ere izan daitezke. Irudi horiek betetzen dute atmosfera, adibidez, gurutziltzatze batean, ondorengo Berpizkunde eta Loriaren adierazgarri, San Sebastian 279-283an.

Polloeko hilerrian, Karmengo Ama Birjinak garrantzia berezia du, noski, Donostia kostaldeko hiria delako. Bi alditan jaso da Carmelo Mendian gertatzen den eszena, eta bertan, aingerua ikus dezakegu arima damutua sugarretatik salbatzen ari dela, esate baterako San Prudentzio 257-259an.

Aingeruaren irudikapenak jarraitzaileak izan zituen mugimendu arrazionalistan ere; haien ereduan "sartzen" zen aingeru bat irudikatzen zuten, gurutzea ezkutu gisa zeramana, adibidez Santa Klara 212-214an edo San Sebastian 408an.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea