Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
16. Otamendi Machimbarrena kapera
- Urtea: 1891
- Jabea: Familia Otamendi
- Sustatzailea: Hermenegilda Dussinague, Vda. de José Civils Puig
- Arkitektoa: Sebastián Camio
- Lan-maisua: José Mª Múgica
- Lan-zuzendaria: Sebastián Camio
- Estilo arkitektonikoa: Neomedieval
- Hermanos Otamendi Machimbarrena
- Jarduera: Arkitekto eta ingineru
- Artea
- Historia
- Ospetsuak
Neomediebala Erromanikoko austeritatea hartzen du, hildakoa lurrekoa dela adierazteko; aldi berean, Kristoren Berpizkunderako gogoak igoera-sentipena ekartzen du, eta gotikoaren bidez sustatzen da hori. Ertzaren lerroak markatzen du baten eta bestearen arteko muga. Estalkia piñoi altuan garatua dago, eta handik gora egiten du, gurutzeraino iritsi arte, loto-lore itxiak. Atea argia da, beira erabat gardenezkoa, eta arkitekturaren estilistikak duen orientazioarekin bat datozen burdinazko apaingarriak ditu.
Madrilgo hirian arrasto iraunkorra utzi duen euskal abizenik bada, Otamendi Machimbarrena familiakoena da. Lau anai-arrebak Donostian jaio ziren; aita José Otamendi Orbegozo zen, (*1837 Donostia +1909) eta ama Juana Machimbarrena Echave(*1850 Donostia +1923). Machimbarrena Echave anai-arrebak, XIX. mende amaieran, Donostiako familiarik aktiboenetakoak ziren, merkataritza eta enpresa-jardueren ikuspegitik. José Otamendi, aldiz, irakaslea izan zen, astronomoa, geografoa eta matematikoa, eta hark utzi digu Gipuzkoa Plazako estazio meteorologiko astronomikoa, hirigintzako mugarri gisa. Otamenditarrak Madrilera aldatu ziren, laneko arrazoiengatik, 1897an, eta hantxe gelditu ziren.
Joaquín anaia nagusiak –familiaren panteoian ehortzi ez zuten bakarra–, arkitektoa zenak, Cibeles Plazan dagoen Komunikazioen Eraikina egin zuen, Madrilgo Udalaren egoitza, Antonio Palacios lankidearekin batera.
Bide ingeniari eta ingeniari elektrizista izan zen Miguel Otamendi Machimbarrenak (*1877 Donostia +1958 Madril), aldiz, Madrilen eta Belgikan ikasi zuen, hurrenez hurren. Gaztetatik irakaskuntzan ibili zen, eta 1904an, AEBetako erakusketa batean Espainiako gobernuak zuen ordezkari gisa, New York-eko metroaren inaugurazioan izan zen. Orduantxe sortu zitzaion Madrilgo Metroa eraikitzeko asmoa. Lehen tartea, Sol-Cuatro Caminos bitartekoa, 1919ko urriaren 17an inauguratzea lortuko zuen, zenbait inbertitzaileren laguntzarekin; besteak beste, Alfonso XIII eta Banco de Vizcaya. Madrilgo Metroa zuzentzen jarraitu zuen, eta hirurogeita hamarreko hamarkada arte, Madrilgo Metroak ez zuen kontrol publikoa izan.
Bi anaia txikienak, José María *1885 Donostia +1959 Madril eta Julián *1889 Donostia +1966 Madril, hurrenez hurren industria-ingeniaria eta arkitektoa zirenak, Miguel anaiaren Urbanizadora Metropolitana konpainian sartu ziren. Enpresa hark eraiki zuen Gran Vía-ren zati bat eta Cuatro Caminos inguruko auzoak, gaur egun desagertuta dagoen Estadio Metropolitanoa eta AZCA eremua ere bai. Eraikin ospetsu gisa, aipatzekoak dira Espainia Eraikina eta Europa Dorrea, 40 eta 50eko hamarkadakoak, eta Espainia Plazan daudenak. Garai hartan, hormigoizko egitura zuten munduko bi eraikinik handienekotzat hartzen zituzten.
1989ko abuztuan, Otamenditarren Inmobiliaria y Urbanizadora Metropolitana etxea eta Banco de Vizcaya-ren Inmobiliaria Vasco-Central batu egin ziren, eta hala, Metrovacesa enpresa sortu zen, Espainiako higiezin-enpresarik handienetako bat.
José María Churruca Blasco, José María Otamendiren alaba María Otamendi Agarristarekin ezkondu zena, Metropolitana etxeko presidente izan zen, eta bat egitearen ondoren, Metrovacesaren administrazio-kontseilukoa, 1990eko ekainaren 3an hil baino zertxobait lehenagora arte. 2003an, Otamendi bakarra gelditzen zen enpresaren akziodun gisa, haren seme Álvaro Churruca Otamendi.
‘Koshkeros, bautizados en San Vicente. Ingenieros del gran Madrid' Diario Vasco, 1966ko otsailaren 16a.