Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
19. Raimundo Sarriegui Echeverría
- Raimundo Sarriegui Echeverría
- Jarduera: Musikari eta musikagile
- Jaiotza eta heriotza data: 1838-1913
- Historia
- Ospetsuak
Raimundo Sarriegui Echeverria *1838 Donostia +1913 Donostia, Poyuelo kalean jaio zen (gaur egungo Fermin Kalbeton kalea) 38. zenbakian, 3. solairuan. Haurtzaroan tiplea izan zen Santa Mariako koroan, eta gerora, tenore. Francisca Goñirekin ezkondu zen. Ez zuten seme-alabarik izan.
Raimundo Sarriegui "merkataritza-artekari" zen, eta donostiarrentzat, bertako inspirazio poetiko baten konpositore, Adrián Loyarte kronistak adierazi zuen moduan. Inspirazio hori apaintzeko, gatz handiko notak baliatzen zituen, eta azken batean, kutsu arin eta alaiko konposizioak lortzen zituen. José Juan Santesteban maisuarengandik jasotako musika-trebakuntzan ikasi zuen hura.
Raimundo solasaldien zale amorratua zen, eta lagunekin elkartzen zen haien lokaletan; besteak beste, Casa Baroja inprentan edo Sebastián José Irastorzaren farmazian. Haraxe joan ohi zen Serafín Baroja Meatzeetako ingeniaria ere, Pío Baroja idazlearen aita; haren kronika guztien arabera, aita alaia eta umoretsua omen zen, eta gainera, erraza omen zen harekin hizketan jardutea, euskaraz zein gaztelaniaz. Hantxe izango zen José Manterola ere, Euskal kantutegiaren idazle, Diario de San Sebastiánen zuzendari, eta Euskal Erría aldizkariaren sortzailea ere. Bilera haietan, ahaztutako sentimenduak berpiztu nahi izaten zituzten, eta haien berezko hizkuntzan adierazi. 1870 aldera, jendearengana iristeko, bertsolariengana jotzea erabaki zuten. Arrakasta erabatekoa izan zen. Saiakera hura ordurako iparraldean erabat arrakastatsuak ziren Lore Jokoen erakusgarri txiki bat baino ez zen izan. Arestian aipatutako pertsona guztiak ageri dira Donostian 1879an egin ziren Lore Jokoen sortzaileen artean. Bada, ‘gazte' haiek ezagutu zuten Donostia hartan, aduanak tokiz aldatu zituzten, Isabel II.-ak lehen bainua hartu zuen hondartzan, eta hiria ixten zuten harresiak eraisteko unea geroz eta hurbilago zegoen.
Loalditik atera beharra zegoen, eta ezagutzera eman. Sarrieguik, hogeita hiru urterekin, herri sentimendu horiek adierazi nahi izan zituen, eta Donostiako Martxa konposatu zuen, edo hiriko patroiaren himnoa, 1861ean. Eta soinu hura, nola ez, jai guztietan entzuten zen danborretatik atera zen. Serafín Baroja lagunak jarri zizkion hitzak.
1882an, Udalak lanean ziharduen turistak neguan ere hirira erakartzeko, eta horretan zihardutela, Nizako inauteri-jaietan jarri zuten arreta. Nola ez, Raimundok orduan Momo jainkoari konpartsa bat egin zion.
Hark egina da Hungariako Kaldereroen Konpartsa; 1884az geroztik gogora ekartzen du 1828ko Kandelarian kalderero turkiarrak nola iritsi ziren, penintsulatik igaro zirenean, eta hiriko Alde Zaharretik zalaparta izugarrian nola desfilatu zuten.
Konposizio bat behar zuen edozein sozietate edo tunak Raimundo eta bere gitarra txikiarengana jotzen zuen, hark soinu egoki bat emango zienaren jakitun.
Sarriegui bere lagun Telleriak Narrika kalean zuen farmazian solasean zegoela harrapatu zuen heriotzak. Hiletan izugarrizko jendetza egon zen; hantxe egon ziren, familiari lagun egiten, Donostiako Orfeoiaren Zuzendaritza Batzordea, Euskal Lore Jokoen Udalbatzakoa, Donostiako Artekarien Elkargoko presidentea, Easoko Zirkuluaren zuzendaritza, aisialdiko sozietate herrikoiak, eta nola ez, Sarrieguiren jarraitzaile zen herriko seme ugari. Udala ere han izan zen, Tabuyo alkatea buru zela, eta nola ez, solasaldietako lagunak ere bai.
Hil zenean, ondareak utzi zituen, dirutan, Ongintza Etxerako, haurren bandarako musika-instrumentuak eros zitzaten, Matia Egoitzarako, Hermanitas de los Pobres eta Asilo de Niños de San José erakundeentzako, Ategorrietako Lekaime Domingotarrentzako, Hernaniko Agustinentzako, Kristobaldegiko kontzepzionistentzako eta Donostiako Oblatuentzako.
Urtarrilaren 19an, Donostiako patroiaren egunaren bezperan, Donostiako Martxa ospetsua hiri osoan zehar entzuten da.