Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
40. Martín - Santos panteoia
- Luis Martin-Santos
- Jarduera: Psikiatra, mediku eta idazle
- Jaiotza eta heriotza data: 1924-1964
- Artea
- Historia
- Ospetsuak
Luis Martín-Santos Ribera medikua, psikiatra eta idazlea (* 1924 Larache, Maroko +1964 Gasteiz), laurogeita hamarreko hamarkadako eleberririk garrantzitsu eta berritzaileenetako baten egilea izan zen: Tiempo de Silencio. Eleberri hartan idazleak, protagonistaren bitartez, Madrilgo gizarte frankistaren ikuspegi kritikoa eskaintzen zuen, eta garai hartako Espainiako literaturan dagoeneko agortuta zegoen errealismo soziala gainditzea lortu zuen. Erreferentzia mitikoak baliatzen ditu, metafora sinbolistak eta ironia handia; hala, idazleak bere pertsonai askorekiko duen mesprezua adierazten digu.
Leandro Martín Santos mediku militar eta jeneralaren (*1895 Topas, Salamanca +1971 Donostia) semea zen. Aitak Larache izan zuen lehen destino, Marokon. Han, trebetasun handia hartu zuen gerrako zaurituen kirurgian, eta anputazio ugari ekidin zituen. Sabelean jasotako balen zauriak sendatzen zituen, beldur handia sortzen zutenak, eta gerora, ‘Manual de cirugía de guerra' lan garrantzitsua argitaratu zuen. Garai hartako Salamancako prentsak interes handiz jarraitu zituen haren medikuntzako lorpenak. 1929an lekualdatu zuten, eta Donostiara joan zen behin betiko. Han, Martín Santos Erietxe Kirurgikoa sortu zuen 1935ean, gaur egungo Quirón Klinika. Horretarako, Villa Pilarte antzinako egoitza erosi zuen, neogotikoa, Egia auzoan.
Luisek ere medikuntza hautatu zuen, eta Salamancan ikasiko zuen. Madrilen eta Alemanian jarraitu zuen ikasten. Doktore-tesi bat ere egin zuen, filosofia eta psikiatriaren arteko harremanari buruzkoa. 1951n Donostiara itzuli zen, eta hiriko Erietxe Psikiatrikoko zuzendari izateko oposaketak irabazi zituen. Postu hartan egongo zen bere bizitzaren amaiera arte.
Rocio Laffon haren emaztea etxeko istripu batean hil eta urtebete baino gutxiagora, Luisek zorigaiztoko ezbehar bat izan zuen autoan, Gasteizen, eta berrogei urte bete aurretik hil zen, hiru haur txiki umezurtz utzita.
Luis Martín-Santos, urteetan zehar, alderdi sozialistako militante izan zen, eta ondorioz, hainbat aldiz atxilotu zuten.
Atxilo-aldi horietako batean, Salamancako Unibertsitateko katedra baterako oposaketetara aurkeztu zen, eta esku-burdinekin joan behar izan zuen azterketetara. Hil zenean, behin-behineko askatasunean zegoen, epaiketaren zain.
Luisek 1960an Tiempo de Silencio obra aurkeztu zuen Donostiako literatura-lehiaketa batera. Epaimahaikideak Donostiakoak eta Madrilgoak ziren. Ezizenez sinatu behar zutenez, Luisek alderdi sozialistan zuena hautatu zuen, ‘Luis Sepúlveda', garai hartan askok ezagutzen zutena. Lehiaketa oso eztabaidatsua izan zen, izan ere, Madrilgo epaimahaiak bere hautagaia ekarri zuen, eta hark irabazi behar zuen. Azkenean, saria hutsik gelditu zen. Hala eta guztiz ere, haren obrak merezitako errekonozimendua jaso zuen denborarekin.