Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

25. Mihura panteoia

Santa Katalina 334
  • Jabea: Miguel Mihura Álvarez

Mihura familia hartzen duen hilobi xumea. Destinoaren gorabeherak direla-eta, Polloe izango zen haien azken aterpea.

Miguel Mihura Álvarez, antzerkigintzako enpresari ospetsua, zuzendari artistikoa eta aktorea, *1878 Medina Sidonia (Cadiz) +1925 Donostia. Cadizko Diputazioko langile izan zen hainbat urtetan. Antzerkigintzarako bokazioa zuen, eta horregatik, Madrilera aldatu zen, Apolo Antzokian aktore izateko. Arrakasta handia lortu zuen. Ondoren, Lara konpainiara igaro zen, eta haren parte izan zen bost urtez. Hainbat eta hainbat obra idatzi zituen, bakarka zein kolaborazioan, eta azken kasu horretan, hainbat eta hainbat izenburu azpimarra daitezke Ricardo González del Toro-rekin batera egindakoak; Los campesinos eta La niña de los besos, beste askoren artean.

1925eko uztailean udako bira hasi zuen haren antzerki-konpainiak, Aurora Redondo eta Valeriano León aktore nagusi zirela. Halaxe iritsi ziren Donostiara, Victoria Eugenia Antzokian emanaldia egitera, hain zuzen ere. Uztailaren 11n, Miguel ez zenez entseguetara aurkeztu, bere ordezkaria "La Urbana" ostatura joan zitzaion bila, eta hantxe aurkitu zuen hilik. Idazten ziharduela eraman zuen heriotzak. 47 urte baino ez zituen. Hurrengo egunean Polloen ehortzi zuten, eta hantxe izan ziren haren emazte eta seme-alabak, Madriletik etorriak, konpainiako aktore guztiak eta lagunak.

Datu horiek ezagututa, ez dira harritzekoak semeek  gerora egin zituzten pausuak. Miguel Mihura Santos. *1905 Madril +1977 Madril. 19 urte baino ez zituela, literatura-alorrean hasi zen, eta umorezko argitalpenekin kolaboratzen hasi zen.  Antzerkiaren giroan hazi zen, eta haren gorabehera guztiak ezagutzen zituen; are gehiago, Rey Alfonso Antzokiko kontable gisa lanean hasi zen 1921ean. Garai hartan hasi zen antzerkigintza giroko kafetegietara joaten, eta besteak beste, Carlos Arniches saineteko eta umore kritikoko jeinuaren lagun egin zen, eta Muñoz Secarena ere bai. 1925ean, zenbait umorezko aldizkarirekin kolaboratu zuen, marrazkilari eta artikulu-egile gisa. 1932an Tres sombreros de copa maisu-lana idatzi zuen, garai hartako antzerkigintza komikoaren panoramarekiko komedia urratzailea, baina antzerkigintzako enpresariek ez zuten ulertu, eta ez zen 1952 arte estreinatu. Alabaina, urte hartan Antzerkigintzako Sari Nazionala jaso zuen, lan harexegatik.

Haren hurrengo lanek joera burgesagoa izango zuten, garai hartako gustuetara egokituagoa. Gerra Zibilean Donostian hartu zuen aterpe. Espainiako Falangean militante izan zen, eta La ametralladora aldizkariko zuzendari egin zuten; aldizkari haren eginkizun nagusia aurkako bandoa umiliatzea zen. 1941ean La Codorniz umorezko aldizkaria sortu zuen, umore berezia izateagatik nabarmenduko zena. Haren zuzendari izango zen 1944 arte. Une hartan, Álvaro de Laiglesia-ri utzi zion kargua; izan ere, Donostian ezagutu ziren, La ametralladora zuzentzen zuen bitartean. 1953an berriro hasi zen antzerkigintzan lanean, besteak beste, Mi adorado Juan (1956) eta Maribel y la extraña familia (1959) idatzi zituen, eta lan haiekin ere Antzerkigintzako Sari Nazionala jaso zuen berriro. Sari gehiago ere etorri ziren. Zinemagintzan ere lehen urratsak eman zituen; esaterako, Bienvenido Mister Marshall filmeko gidoia egiten lagundu zuen (1953). Jerónimo Mihura anaia (*1902 Madril +1990 Madril) zinemagintzako kritikari eta bikoizketako zuzendari zen, eta harekin ere hainbat zinemagintza-proiektutan lan egin zuen.

Mihura Santos izan zen antzerkigintza komiko garaikideko lehen figura; batetik, garai hartako arau sozialekin hautsi izanagatik, eta bestetik, haren satirak zuen espontaneotasunagatik.

1976ko abenduan Real Academia de la Lengua erakundeko kide izendatu zuten, K eserlekua bete zezan. Harako sarrera-hitzaldia prestatzen ari zela hil zen, 1977ko urriaren 28an. Hondarribian ehortz zezatela nahi izan zuen, izugarri gustatzen baitzitzaion, baina azkenean, Polloen ehortzi zuten, gurasoen ondoan.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea