Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
27. José María Usandizaga Panteoia
- Urtea: 1916
- Jabea: Carlos Usandizaga Carril
- Sustatzailea: Carlos Usandizaga Carril
- Arkitektoa: Francisco Urcola
- Egilea: Altuna, marmolista
- José María Usandizaga
- Jarduera: Musikagaile
- Jaiotza eta heriotza data: 1887-1915
- Artea
- Historia
- Ospetsuak
Sezesioa Elementu bakar batek ere ez digu heriotzaz hitz egiten. Artistaren loria hilezkorrari egindako monumentua da, eta famaren aurrean etengabe irekita dagoen eta errotazio-mugimendua duen heliotropoa erakusten du; fama hori dominan hautematen da, edo koroak osatzen dituzten haritz- eta erramu-hostoetan.
José María Usandizaga, *1887 Donostia +1915 Donostia. XIX. mendetik paradoxaren bat jaso badugu, tuberkulosia gaixotasun erromantikoa dela pentsatzea izan da. Gaur egun, oraindik ere, erakarri egiten gaitu sendabiderik gabeko gaitzak jotako idazle edo konpositorearen irudiak; gazte-gazte izanik, eta sorkuntza-lanik ederrenetarako gai izan arren, heriotzak eramaten duen pertsonarena. Molière, Bécquer, Chopin, Brontë ahizpak, Paganini, Kafka eta beste hainbat adibide daude. Beste hainbat artistek ez zuten tuberkulosirik izan, baina literatura-gai bihurtu zuten; besteak beste, Dumas-en La Dame aux Camélias izeneko lanak, Verdik La Traviata operan musikaz jantzi zuenak.
Usandizagari, haurra zela, gaixotasuna hezur eta artikulazioetara itsatsi zitzaion, eta hatzetako falangeak kaltetu zizkion; ondorioz, pianoa jotzeko zailtasunak izan zituen, Pariseko Schola Cantorum-en ikasten zuenean. Horiek hala, musika-konposiziora bideratu zen, horretarako dohain bikainak zituela erakutsi baitzuen. 18 urterekin, piano-jotzaile gisa espero zuen ibilbide oparoa bertan behera gelditu zen, eta Pariseko ikastetxe ospetsua utzi zuen.
Itzuli zenean, 1906an, Euskal Jaietarako prestakuntza-lanekin topo egin zuen. Haiek ordezkatzen zutena amaren aldeko familiak erakutsi zion, beti ondoan izan baitzituen, gogotsu: Nicolás de Soraluce aitonak, politikari eta historialariak, Gipuzkoako historia eta hango Foruak ikertzen jardun zuen bereziki, eta Cándido de Soraluce osabak, musikari zenak, Iriyarenan (1878) parte hartu zuen, eta euskal folklorismoaren notak ekarri. Usandizaga gazteak, osasun-arazoengatik, atseden hartzera erretiratu behar izaten zuen luzez, eta gero eszenatoki haiek bere musika-konposizioetara eramaten zituen. Beste musika alor batzuetan sartzeko aukerei ez zien muzin egin.
Bi lan handi egin zituen: Mendi-Mendiyan, euskal baserri-giroan iragaten den amodio-istorio tragiko bat (1910) eta Las Golondrinas (1914) eszenatokian barre eragin arren, bizitza errealean negar egiten duen pailazoari buruzkoa.
Haren anai Ramón Usandizagak (*1889 + 1964, Donostia), José Maríak amaitu gabe utzi zuen La Llama obra bukatu zuen, hura ere musikaria baitzen.