Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

24. Kutz panteoia

Santa Klara 290
  • Jabea: Benito Kutz Scheidler

Kutz abizena 1867an iritsi zen Donostiara, Benito garagardo-egilea etorri zenean. Harresiak eraitsi, eta hiria zabaltzeko lanak hasi zituztenean, Donostia erakargarri bihurtu zen zerbitzu-sektorerako, besteak beste. Benitok inguruko uren ezaugarriak ezagutzen zituen ─hori funtsezkoa da azken produktuan─ eta gainera, bazekien Donostiak geroz eta erakargarritasun gehiago izango zuela turismorako. Negoziorako itxaropen onak zituzten, 1870ean Luis anaia iritsi zenean (*1843 Ulm, Alemania +1895 Donostia). Bi anaiak Ygarzabal Cipitria ahizpekin ezkondu ziren. Ategorrietan sortu zen lehen establezimendua: Estrasburgoko Garagardotegia eta Izotz Fabrika. Benitok 1879an eman zuen izena Gipuzkoako industrien urtekarian, eta Luisek, aldiz, 1883an. Benitok Bartzelonan 1888an egin zen Erakusketan parte hartu zuen, eta Zilarrezko Domina irabazi zuen bere garagardoagatik. Ordurako, lehoia zuten ikur.

XIX. mendeko laurogei eta laurogeita hamarreko hamarkadetan edari-industria asko sortu ziren Donostian eta inguruetan. Giro hartan, Kutz anaiek iragarri zuten errentagarria izango zela beste lantegi bat irekitzea. Luis Ategorrietako establezimendu zaharrarekin geldituko zen, eta Benitok, 1890. urte inguruan, lantegi handi bat sortu zuen, Antiguo auzoan zegoen Pedro Escalaren garagardotegi zaharra baliatuz, beharbada.  Handik aterako zen ‘El León' garagardo ezaguna. 1898an E. Flagey-k bi garagardotegietako lorategiak zein ederrak ziren aipatu zuen, biak ere Rhin inguruetako modaren arabera prestatuak. Benitoren alargun Francisca jarri zen negozio berriaren buru, zuzendaritza Juan eta Teodoro semeei eman aurretik (San Sebastian 329-331 eta San Teodoro 19-21). Ramón, Luisen semea, Ategorrietako lantegiaren buru gelditu zen. 1908an hasiera bateko garagardotegi alemaniarraren moduan iragarri zen, eta garagardoa, gaseosak, Seltz-ura eta izotz naturala egiten zituen.

Kutz Ygarzabaltarren belaunaldi berri hark, Europako onenekin lehiatzera behartzen zituen bainuetxe-hiri hartako eskakizunak betetzeko, saltokiak ireki zituen hiri erdian.  Luis Kutz (San Prudentzio 89) Benitoren semeak hainbat saltoki izan zituen aldi berean: Askatasunaren hiribidean, San Martin 23an, Urbieta 24an eta Boulevard zumardian edo Garibai kalean. Azken hori Café de la Marina ospetsua izan zen, zabalgunearen lehen urteetako kafetegi famatua. 1907ko otsailean,  Luisek eraberritze-lanetarako enkargua eman zion Luis Elizalde arkitektoari. Easo Ederreko kafetegi ospetsuena izan zen ‘Café Kutz'. Donostiako zein kanpoko prentsak lokalaren eraldaketaz hitz egin zuen hainbat artikulutan. Altzariak goraipatu zituzten, eta zilarrezko mahai-tresneria matea, eta industria hartako aparatuen berritasuna; besteak beste, garagardoa 6º eta 8º bitartean ateratzen zuen ganbera frigorifikoa. Han bertan egindako garagardoa saltzen zuten, Münchenetik bagoi frigorifikoetan etortzen zena ere bai, eta Australiakoa. Iruñeko Cafe Kutz ere oso ezaguna izan zen, Gaztelu Plazan zegoena. 1915ean, elkarrekin iragartzen zituzten Donostia eta Iruñeko Cafe Kutz-ak. Handik gutxira Madrilekoa ireki zuten, Gran Vía 16an, eta 1919 amaieran hantxe iragarri zuten Kutz laranja-edaria.

1921ean Juan eta Teodoro Kutzek Antiguon zeukatena baino ez zen erregistratu Kutz familiaren garagardo-lantegi gisa.

1965ean sortu zen El León garagardoen sozietate anonimoa. Hamarkada haren amaieran merkaturatu zen haien beste marka, Keler. 1982an, Antiguoko lantegia Aranora aldatu zen (Nafarroa). 1986an, Cruzcampo taldea bihurtu zen lantegi osoaren jabe. Jabeak aldatuz joan dira, baina Keler garagardoa egiten jarraitzen dute, hasierako errezetaren arabera. Gaur egun, haren ekoizpena Damm industria-talde garagardo-egilearen esku dago.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea