Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
36. Urbieta kaleko sutearen monumentua - 1893
- Urtea: 1894
- Sustatzailea: Ayuntamiento de San Sebastián
- Arkitektoa: José de Goicoa
- Egilea: Francisco Eguren
- Historia
1893an Urbieta kalean izandako biktimen monumentua. 1893ko martxoaren 19an, goizaldeko hamabi eta erdiak inguruan, sute larri bat sortu zen Urbieta kalean. 6. zenbakiko sotoan hasi zen; eta zoritxarrez, soto hura beheko solairuko gozotegi eta likore-dendarekin bat eginda zegoen. Hala, sua eskaileratik hedatu zen, eta barruko patiotik, gainerako solairuetara iritsi arte. Denbora gutxira, Alderdi-Ederreko parketik ikusten ziren sugarrak. Ez zegoen bitarteko hormarik 6. zenbakiko etxebizitzaren eta 4. eta 8. zenbakikoen artean, eta ondorioz, haiek ere erre egin ziren. Hala ere, bizilagunak handik ateratzeko denbora egon zen.
Sua sortu zen etxeko bizilagun batzuk, azken solairuan bizi zirenak esaterako, onik atera ziren, Miguel Irastorza obra-maisuaren azkartasunari esker, ondoko teilatuetara jauzi eginda ihes egin baitzuten.
José de Goicoa udal arkitektoak eta haren laguntzaile eta suhiltzaileen buru Juan Muguerza obra-maisuak kontu handiz zuzendu zuten operazio hura. Udal arkitekto izateak suhiltzaileen buru izatea zekarren, eta eraikuntza-alorretako langileak ere parte hartzera behartuta zeuden. Langileak sutea itzaltzera joan ziren, eta hurrengo eguneko prentsan irakur zitekeen moduan, heroien moduan jokatu zuten, baina hala ere ez zen nahikoa izan.
Donostiako prentsa guztiak aipatu zuen suteetako zerbitzuak nolako hutsuneak zituen: suhiltzaileek denbora behar izan zuten sutera iristeko, behargin gutxi zeuden, bost mahuka baino ez zituzten, eta gainera, laguntzarako baliabideak urriak ziren. Horrexegatik hartu zuen suak halako indarra. Suhiltzaile profesionalik ez izateaz kexatzen ziren; izan ere, suhiltzaile-lanetan ari zirenak arotzak, igeltseroak, zapatariak eta abar ziren, beren ofizioa izateaz gain, suhiltzaile boluntario gisa ibili behar zutenak. Ez zen talde antolatua. Gainera, ez zegoen laguntza-talderik prest, eskatzen zen lekura berehala iritsi ahal izateko. Gai horiek Udalari helarazi zitzaizkion. Halaber, lokalaren jabeak axolagabe jokatu zuela aipatu zen; izan ere, sotoan alkohol ugari zuen gordeta, eta ondorioz, sua oso azkar hedatu zen. Bestalde, etxeetako patio eta sotoetan egur mordoa zegoen gordeta. Horren inguruan, aipatu zen Donostia hiriko Etxeen Eraikuntzarako Ordenantzen 50. artikuluan debekatu egiten zela hori. Horrez gain, sutea sortu zuen etxeak ez zuen besteengandik bereizteko hormarik, eta horrek eraikuntzaren akats larri bat jarri zuen agerian. Eraikuntzako Ordenantzen arabera, horma horiek karez eta harri-koskorrez eginda egon behar zuten, eta erregai oro kanpoan utzi beharko zuten. Ordenantzak hobeto betearaztea eskatu zen.
Sutearen biktimei laguntzeko harpidetzak berehala antolatu ziren, hiriko hainbat lokaletan.
Hildako 24 bizilagunen hileta Santa Maria elizan egin zen.
Francisco Eguren marmolariaren tailerrak Mutrikuko harria erabili zuen estela egiteko; bertan grabatu zituzten, urre kolorez, eskaintza eta erramu-adarraren apaingarria, loriaren adierazgarri. Hilobia mugatzeko, fundizioan egindako 6 zutabe daude, kareharrizko oinarrien gainean, eta zintzilik dagoen kate batek elkartzen ditu.