Breadcrumb
Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak
Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak
Eduki publikatzailea
26. Gurutze gorriaren monumentua
- Urtea: 1899
- Sustatzailea: Gipuzkoaka Gurutze Gorria
- Eskatzailea: Ayuntamiento de San Sebastián
- Arkitektoa: Juan Muguerza
- Lan-maisua: Juan Muguerza
- Egilea: Altuna
- Artea
- Historia
- Ospetsuak
1898ko irailaren 14an, Santiago de Kubatik zetozen 102 gudari ohi iritsi ziren trenez Donostiara. Donostiatik Santanderrera arteko bidea Compañía Trasatlántica etxearena zen Satrustegi baporean egin zuten. Kantabriako hiriburuko ospitale batean denbora labur batez egon ondoren, gure hirira ekarri zituzten. Huraxe izan zen inoiz Donostiak hartuko zuen aberriratutako soldadu talderik handiena. Hainbat erregimentutakoak ziren. Hona iritsi ziren soldadu gehienak, jatorriz, Valladolid, Galizia eta Aragoikoak ziren. Gaixorik eta zaurituta zetozen. Ondorengo egunetan banaka iristen joan ziren, eta haien artean, donostiar batzuk ere iritsi ziren.
Pertsona asko hurbildu ziren harrera egitera, eta probintziako eta hiriko erakundeak ere bai. Gurutze Gorriaren ordezkari gisa, han izan ziren haren presidente Altube andrea (haren senarra, Miguel Altube, alkate zen), Cristina Brunetti Mandasko dukesa, Concepción Brunet, Bermejillo andrea, Lataillade andrea, beste dama batzuen artean; guztiak ere, Gurutze Gorria erakunde humanitariokoak ziren. Atsedenerako gela batean, iritsi berrientzako eta haiekin zeudenentzako mokadu bat prestatu zuten: salda, arrautzak, esnea eta jerez ardoa.
Ohetxoak prestatu zituzten ahulenak garraiatzeko, eta haiek eramateko kotxeak ere bai; 72 inguru Ospitale Militarrera, eta gainerakoak Amarako Probintzialera. Gerora iritsi zirenak Mirakruzeko San Ignazio Ospitalera joango ziren, Gurutze Gorriaren kontura.
Aberriratutako soldaduak iritsi bezain laster, Gipuzkoako Gurutze Gorriko damek harpidetza bat ireki zuten, dohaintzak jasotzeko. Dirua emanda egiten ziren, edo ospitaleetako egonaldiak ordainduta. Presidente jaun eta andrea ziren arduradunak, Altube andrea eta Sabino Ucelayeta hurrenez hurren, eta diruzaina aldiz, Silvestre Lasquíbar zen.
Iritsi eta astebetera, sendatutako soldaduak alta hartzen hasi ziren. Beste batzuek denbora gehiago beharko zuten jaioterrira itzultzeko. Eta beste batzuek ezin izan zituzten zauriak edo gaixotasunak gainditu, eta harrera egin zien hirian hil ziren.
Gurutze Gorriaren ekimenez, monumentu hau altxatu zen, aberriratutako soldadu hilen errautsak hartuko zituena. Tomás Altunaren tailerrari esleitu zitzaion haren eraikuntza. 1899ko ekainaren 4an sinatu zituen planoak, eta uztailerako, bukatuta zegoen hileta-monumentua. Marmolgintzako tailer hark eskuzabaltasun osoz lan egin zuen proiektuan, eta materialaren salneurria baino ez zuen jaso ordainetan. Kareharria erabili zuten hura egiteko, eta inskripzioetarako xaflak egiteko aldiz, Carrara-ko marmola
Hemen ageri dira ehortzi zituzten 24 soldaduen inskripzioak. Izenen ondoan, jaioterria agertzen da.
Monumentuaren ondoan dauden palmondoek destinoaz hitz egiten dute, eta itsasoaz bestalde, hemen ehortzita daudenez.
Ez dute "indiano"-aren aberastasun ekonomikoa adierazten, itsasoz bestalde galdutako bizia baizik.