Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

10. Calbetón panteoia

San Lorentzo J-K
  • Jabea: Joaquín Calbetón Legarra / Fermín Calbetón Blanchón

Joaquín Calbetón Legarra (*1806 Irun +1893 Donostia), eta Fermín Cándido Calbetón Blanchón semea (*1853 Donostia + 1919 Madril), biak, politikari liberalen zirkulu bateko kide izan ziren; XIX. mendean zehar, Donostia hiri moderno eta aberats bihurtu nahi izan zuten, eta Collado-tarren Tertulian hasi ziren horretan, hango kide baitzen Joaquín. Lasala edo Collado-tarrak ez bezala, ez zuten politika merkataritza-jarduera edo enpresekin batera gauzatzen; hauek, batez ere, legelariak ziren.

Joaquín Frantziako Saint Esprit-en jaioa zen Josefa Blanchón Guillemin-ekin ezkondu zen Donostian 1838an. Joaquínen familia Aran Bailarakoa zen. Ordezko diputatu gisa hasi zuen ibilbidea Kongresuan, 1839an, eta Donostiako alkate izan zen 1842 eta 1846an. Azkenik, Behe Ganberan eserlekua izan zuen berriz 1852-1853 bitartean; Fermín Lasala aita hil zen, eta haren ordezko izan zen. Gerora, kolonietan ibilbide judiziala egitea erabaki zuen. 1858 eta 1872 urte bitartean, Audientziako presidente izan zen, hurrenez hurren, Filipinas, Puerto Rico eta batez ere, Habanan. Han, 1877an,  "Asociación Benéfica de naturales de las Provincias Vascongadas y Navarra" elkartea sortu zuen. Euskal indiano ezagunek osatzen duten, eta Begoñako Ama Birjinaren izenpean jarri zuten elkartea.

Fermín semea ere legelaria zen, eta Kuban hasi zuen ibilbidea, Zuzenbideko katedradun gisa, eta Itsasoz Haraindiko Ministerioan ere aritu zen, Grazia eta Justiziako zuzendari nagusi gisa. Baina semearen ibilbidea politikoagoa eta garrantzitsuagoa izan zen aitarena baino. Habanan ezkondu zen Emilia Undabeitia eta Ximenez-ekin. 1884tik 1895era diputatu izan zen Gorteetan, Kubako Matanzas ordezkatuz lehenik, eta Donostia geroago. 1899tik aurrera senatari  izan zen ia etengabe, hil arte. Ibilbide politikoaren gailurrean, Sustapeneko ministro izan zen (1910-1911) eta Ogasunekoa ere bai (1918-1919); kargu hori, hain zuzen, hil aurretik bost egun lehenago utzi zuen.

Fermín Calbetónek bi alaba izan zituen. Bietako bat, María Josefa, eta haren bi lehengusu, José eta Alfonso Churruca Calbetón, Zubiria Urizar anai-arrebetako hirurekin ezkondu ziren; hots, Luis Zubiria Ibarra Bizkaiko Labe Garaien sortzaileetako baten seme-alabekin. Horrenbestez, Calbetón abizena Bizkaiko familiarik entzutetsuenetako batekin lotua dago.

Fermín Calbetónek Madrilen ehortz zezatela erabaki zuen, gorpua Donostiaraino eramateak ekarriko lituzkeen eragozpenak saihesteko; izan ere, bere karguagatik, ibilbide osoan zehar ohore guztiak gorde beharko litzaizkioke. Bost urteren buruan, Madrilgo Almudena hilerritik Polloera ekarri zuten. Azken bidai hartan, emazteak lagunduko zion, 1923an hil baitzen. Fermín Calbetón Blanchón Puyuelo kalean jaio zen. Kalearen izena hura hil eta hamar egunetara aldatu, eta Fermín Calbetón izena jarri zitzaion, Udalbatzaren erabakiz.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea